Eusko Jaurlaritzak ez du parte hartuko pentsiodunek deitu dituzten manifestazioetan, Iñigo Urkullu lehendakariak jakinarazi duenez. Pentsiodunen elkarteek "pentsio duinen" aldeko mobilizazioak egingo dituzte larunbatean, Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Urkulluk azaldu du ez duela parte hartzen Jaurlaritzak deitu ez dituen mobilizazioetan, bere eginbeharra "konbonbideak bilatzeko lan egitea" delako. Dena den, "errespetua" agertu die pentsiodunei.
Pentsiodunen elkarteek manifestazioekin bat egiteko eskatu zieten alderdi politikoei eta erakundeei. Bizkaiko pentsiodunen mugimenduko ordezkari Luis Alejok mezu argia bidali zien: politikariak ez badoaz hilaren 26ko manifestazioetara, gero ez diezaietela botorik eskatu pentsiodunei datorren urteko hauteskundeetan. Gogora ekarri zuen boto emaile asko direla: ia 682.000 Hego Euskal Herrian.
Urkulluk nabarmendu du pentsioen auziari "errealismoz" heldu behar zaiola, sistemaren "iraunkortasuna" bermatuz. EAJ pentsioak "hobetzeko" lanean ari dela ziurtatu du. Lehendakariak gogora ekarri du Jaurlaritzak pentsio baxuenak osatzen dituela, DSBEaren bidez, nahiz eta pentsioena ez izan Jaurlaritzaren eskumena.
Pentsiodunentzat, ordea, DSBEaren laguntza eta EAJk PPrekin Espainiako aurrekontuen negoziazioetan adostu zuen igoera ez dira nahikoa, aurrerapausoa aitortzen duten arren.
Aurrekontuak eta Gurtel auzia
Urkulluk Ahal Dugu-ren galdera bati erantzuteko izan ditu hizpide pentsioak, gaur, Eusko Legebiltzarraren osoko bilkuran. Elkarrekin Podemoseko bozeramaile Lander Martinezek kritikatu egin du pentsiodunen manifestazioan parte ez hartzeko Urkulluren erabakia, eta lehendakariari leporatu dio, Espainiako Gobernuarekin estatuko aurrekontuak adostuta, "pentsio duinak eskatzen dituzten milaka euskal herritarren aldarrikapenei traizio" egitea.
Martinezen esanetan, EAJk arnasa eman dio PPren gobernuari Espainiako aurrekontuen akordioarekin, Gurtel auziaren epaiak PP zigortu aurreko egunean. "Diru publikotik onura lortzeagatik kondenatutako alderdi baten gobernua sostengatzearen arduradun" da EAJ, Ahal Dugu-ren iritziz.
EH Bilduk ere EAJren eta PPren arteko akordioa gaitzetsi du. Maddalen Iriarte koalizioko bozeramaileak adierazi du "txeke zuria" eman diola alderdi jeltzaleak PPri, eta "Europako alderdirik ustelena" "berriz ere salbatu" egin duela ziurtatu du.
Aurrekontuak onartuta, EAJk bere hitza jan duela nabarmendu du Iriartek, Katalunian 155. artikulua indargabetu gabe zegoela negoziatu dituelako aurrekontuak, EAJk berak hala egingo ez zuela esan arren.
Urkullu, ordea, "ziur" agertu da Espainiako Gobernuak 155.a indargabetuko duela —hala egiteko beharra du legez, Katalunian gobernua eratzen den unean—, eta aurrekontu akordioa "Euskadiko herritarrentzako onuragarria" dela azpimarratu du; "inbertsio garrantzitsuak", pentsioen igoera eta "egonkortasuna" bermartzen dituela argudiatu du.
Aurrekontuak onartu ondorengo egunean publiko egin den Gurtel auziaren epaiari buruz, berriz, gertaera "oso larria" dela adierazi du lehendakariak eta "urgentziaz" azalpenak emateko eskatu dio Espainiako presidente Mariano Rajoyri, orain artekoak nahikoa izan ez direla iritzita.
PSOEk aurkeztuko duen zentsura mozioa babestearen aldekoa den galdetuta, "urratsez urrats" joatea komeni dela erantzun du.