MONDRAGON TALDEA

Iñigo Uzin, Mondragon taldeko presidente

Danobat Group kooperatiban eta makina erremintan zaildutako azkoitiarrak abuztuaren 1ean hartuko du Javier Sotilen lekukoa. Mondragon Unibertsitateko kontseilu errektoreko lehendakaria da egun.

Iñigo Uzin. MONDRAGON TALDEA
Oihan Vitoria.
2016ko apirilaren 15a
11:03
Entzun

Euskal Herriko talde industrial handienaren gidaritza hartuko du abuztuaren 1ean Iñigo Uzinek (Azkoitia, Gipuzkoa, 1960). Mondragon korporazioko kongresu kooperatiboko batzorde iraunkorrak aho batez erabaki du Uzin izendatzea Javier Sotilen ordezko. Uzinek gertutik ezagutzen du makina erremintaren sektorea, eta egun, Mondragon Unibertsitateko kontseilu errektoreko lehendakaria ere bada. Mondragon taldeak ohar batean nabarmendu du Uzinek "ezagutza praktiko handia" duela nazioarteko merkatuetan lehiatzeko, makina erreminta bezalako merkatu zurrun batean aritu baita gehienbat, eta haren berrikuntzarako gaitasuna goraipatu du.

Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziatua da Uzin, eta berrikuntza kudeaketari buruzko master bat ere burutua du Deustuko Unibertsitatean. Ibilbide profesionala Danobat enpresari lotua egin du, han hasi baitzen makina erremintako Izarraitz enpresan finantza zuzendari lanetan eta baita giza baliabideetako zuzendari gisa ere. Izarraitzek Danobatekin bat egin zuenean, enpresaren negozio unitateko buru izendatu zuten.

Porrotaren osteko aroa

Zeregin horrekin batera, controller lanak ere egiten zituen Danobat Groupen. 1998an kooperatiba horretako kudeatzaile kargura iritsi zen, eta 2012ko irailean, Mondragon taldeko makina erremintaren ataleko lehendakariordetzara. Iazko ekainaz geroztik, kargu hori eta industria automatizazioaren saileko lehendakariordetza bateratu ditu, Mondragon Unibertsitatekoaz gain.

Korporazioa bere ataka estuenean hartu zuen gidaria badoa, hortaz. Sotilek martxoan aurreratu zuen BERRIAn erretiroa hartu eta ez zuela karguan jarraituko. Fagor Etxetresnen porrotaren osteko aldaketak bultzatuta eta kooperatibismoaren balioetan sakonduta, ez du erronka makala izan: Mondragon berriaren lemari eustea egokitu zaio bergararrari. 2014ko azaroan izendatu zuten presidente, Txema Gisasolaren dimisioaren osteko zuloa betetzeko. Korporazioak uztailaren 20an egingo duen kongresuaren ostean utziko du kargua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.