Enpresak

Innobasquek 1.640 milioi euroko kopuru errekorra espero du I+G atalean

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikerketa eta garapenaren hazkundea %4,1 izango da, Europako funtsek bultzatuta

BIEMH Makina-erremintaren Biurtekoa, BECen. ASIER CAMACHO
xabier martin
2021eko ekainaren 10a
12:31
Entzun

Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak inoizko inbertsiorik handiena aurreikusi du aurten ikerketaren eta garapenaren atalerako: 1.640 milioi euroko kopuru errekorra espero du, eta horrek esan nahi du %4,1 igoko dela. Batik bat ekarpen publikoak bultzatuko du berrikuntzaren gorakada Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, zehazki, Europako funtsek. Enpresek ere gehiago inbertituko dute, baina Eusko Jaurlaritzaren hauspoak eramango du gora ikerketa eta garapena.

Innobasquek ondorio horiek atera ditu euskal konpainien laguntzarekin prestatutako txosten batean. Inbertsioaren estimazio horrek EAEko BPGaren %2ko langa gaindituko luke ozta-ozta: %2,08 litzateke I+G atalean egindako ahalegina. Hala ere, Europako Batasuneko batezbestekotik behera egongo litzateke oraindik erakuslea, 2019ko datuek islatzen dutelako BPGaren %2,2ko inbertsioa EBn.

Innobasquek dio finantzaketa publikoa 617 milioi eurorena izango dela 2021. urtean, iaz baino %7,2 handiagoa. Inbertsio pribatua handiagoa izango da, 849 milioi eurokoa, iaz baino %2,7 gehiago. Nazioarteko inbertsioa, berriz, 141 milioi eurokoa litzateke. EAEko aurrekontu orokorrak hartu ditu oinarri Innobasquek txostena egiteko, eta, horrekin batera, ekonomia hazkundearen aurreikuspenak ere bai.

Hainbat enpresatako adituen ekarpenek osatu dute azterketa. I+G esparruan EAEn motor diren enpresek parte hartu dute txostenean: Aernnova, CIE Automotive, Mondragon Taldea, Faes Farma, Gestamp, Arteche Taldea, Iberdrola, Ideko, Ingeteam, Irizar, ITP, Ormazabal, Sener, Sidenor, Siemens Gamesa eta Tubacex. Enpresa horiek egiten dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako I+G pribatuaren %45, alegia, I+G osoaren laurdena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.