Inoiz baino jende gehiagok exijitu du erretreten erreforma kentzeko

Sindikatuen arabera, 17.000 lagun atera dira Baionako karriketara; poliziaren irudiko, 8.500. Aitzinekoan baino gehiago, dena den

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2010eko urriaren 13a
00:00
Entzun
Erretreten erreformaren aurka izandako manifestaziorik jendetsuena. Milaka lagun atera ziren atzo Baionako karriketara laugarren greba egunean: 17.000, sindikatuen arabera; 8.500, poliziaren arabera. Frantziako Senatuak erretiro adina 60 urtetik 62ra eta osoki kotizatu gabe pentsio osoa jasotzeko eskubidea 65 urtetik 67ra pasatzea onetsi izanak ez du herritarren determinazioa ahuldu. Alderantziz, anitz dira protesta gogortzeko gogoarekin direnak. Etsipena ez zen sentitu atzo. Karrikara atera den jende kopuruak «indarra ekartzen» duela dio SNCFeko langile eta CGTko ordezkari den Peio Dufauk, eta haren irudiko, greba berriztagarriaren hautua gorantz joango da. Mugagabeko greba moduko bat da greba berriztagarria, baina, gauero bozkatzen da hurrengo egunean grebarekin jarraitu ala ez erabakitzeko.

CGT, CFDT, CFTC, CFE-CGC, FSU, FO, Solidaires eta Unsa sindikatuek deiturik, manifestazioa 10:30ean abiatu zen Baionako Lan Burtsatik. «Sostengaezin eta bidegabekoa» den erreforma honen aurkako borroka ez dutela geldituko berretsi dute manifestazio bukaeran.

LAB sindikatua ere bertan egon da, nahiz intersindikalak baztertu. Erretreta sistema justu eta elkartasunezko baten alde. Inposaketarik ez banderolaren gibelean elkarturik, greba orokorraren mezua zabaltzen egon da. Oldartu eta Erretretentzako Deia Euskal Herria kolektiboakere bertan egon dira. Oldarturen irudiko ere «greba orokorra eraikitzea da ekonomia blokeatzeko molde bakarra ».

Grebaren erantzuna

Izan garraioetan, postan, irakaskuntzan, komunikabideetan ala Dassault eta Turbomeca bezalako enpresa handietan greba mugimenduak erantzun azkarra izan du. Hainbat enpresatan greba berriztagarrian hasiak direlarik.

Grebalari populakuntza berri bat agertu dela dio CGTko idazkari den Alain Duzertek. Izan ikasle ala orain arte agertzen ez ziren hainbat enpresetako langileak protestara sartu direla dio. Hala eta guztiz ere, greba berriztagarrian ez du sinesten.

Hain zuzen, ikasleak mugimenduan sartu dira eta haien presentziak poza sortu die antolatzaileei. Gazteek argi dute erreforma kendu arte borrokatuko direla. Etxepare lizeoan den Ana Etxepareren irudiko, «gurasoak defenditzeko» eta horrela segituz gazteek ez dutelako «ezer ukanen». Greba mugagabea egiteko prest agertu dira guztiak eta hainbat lizeotan blokeoak egiten hasi ziren atzo.

Horien ondoan, aitzineko aldietan protestan egondako asko. Irakaskuntzakoak, Seaska, eskola pribatu zein publikoko langileak, lurralde kolektibitateetako langileak, postakoak, tren, autobus zein hegazkinetako gidariak, ospitaleetakoak, Dassault, Turbomeca, EDF, GDF enpresetakoak ala Carrefour supermerkatukoak;anitzek haien banderola agertarazi dutela.

Nahiz Ipar Euskal Herriaren gisara Frantzian ere aitzineko protestetan baino jende gehiago egon, Frantziako Gobernuak ez du desadostasuna kontutan hartzeko gogorik. Francois Fillon Frantziako lehen ministroak berretsi egin du erreforma bururaino eramateko «deliberatuak» direla eta erretiroaren adina 62 urtetan ez mantentzea «erotasun ekonomiko eta katastrofe sozial bat» litzatekeela.

Larunbatean izango da ondoko mobilizazioa. Astez aste mobilizazioa azkartuz joan da. Baionako manifestazioei doakienez, 10.000 lagun atera ziren kalera ekainaren 24an, 15.000 irailaren 7an eta 15.000az gora irailaren 24ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.