Greba orokorra. Herrialdeak. Bizkaia

Inoiz baino oihartzun handiagoa merkataritzan

Cebek patronalak aitortu du denden eta tabernen %85ek ateak itxita eduki dituztela

Piketeak, Barakaldoko Megapark merkataritza gunean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Bilbo
2012ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Bizkaiko merkataritzan inoiz baino erantzun handiagoa izan zuen atzoko grebak, eta Cebek patronalak emandako datua da horren erakusgarri, oihartzuna %85eko izan zela esan baitzuen. Merkataritzan ez ezik, industrian ere antzeman zen eragina. Ezkerraldean, esaterako, enpresa handi askotako langileek erabaki zuten lanera ez joatea.

Dena dela, atzo bakarrik ez, herenegun iluntzean dagoeneko har zitezkeen grebak izango zuen arrakastaren lehen zantzuak. Lekeitioko eta Ondarroako arrantzaleek itsasora ez irtetea erabaki zuten eta gasolina zerbitzuguneetan ohi baino jende gehiago zebilen. Goizaldera, Mercabilbao zabaldu zuten, baina ohi baino askoz jarduera gutxiagorekin.

Atzo, Bilbon, goizean goizetik nabari zitekeen grebaren eragina. Alderdi gehienak erabat itxita egon ziren; hasi Bilbo erdigunetik, eta hiriburuko alderik baztertueneraino. Bilbo erdigunean, ohi baino denda gehiagok izan zituzten ateak itxita, eta ez soilik pikete edo manifestazioak igaro ziren uneetan; gehienek ez zituzten pertsianak zabaldu ere egin.

Beste muturreko Bilbon, etorkinak nagusi diren San Frantzisko kalean, afrikarrez, marokoarrez eta kitanoz beteta zeuden kaleak atzo, ohi bezala. Espaloietan gora eta behera zebiltzan. Kalean pilatzen diren denetariko denda txikiek, ordea, itxita zituzten ateak; frutategi batek ez beste denda guzti-guztiek. Bilbo Zaharreko plaza inguruetan, ez da ateak ireki dituen denda zein taberna bakar bat ere izan.

Zazpikaleek erabateko geldialdi itxura hartu dute. Hainbat kaleetan ez da komertziorik ireki; igandetan zein desorduetan txinatarrek ireki ohi dituzten dendek ere jaitsita zuten pertsiana.

Zabalbiden gora joan eta Santutxu zeharkatzerakoan, oso bakanak izan ziren grebarekin bat egin ez duten komertzioak. Ia erabat itxita zeuden kaleetan tabernaren batek ireki zituen ateak. Batzokia izan zen gutxi horietako bat.

San Mames inguruko Poza kaleak bestelako itxura izan zuen. Gainontzeko guneetan baino taberna gehiago ikusi ziren zabalik, goizetik. Iluntzean, Athleticen partidak, jendea pilatu zuen bai bertako tabernetan, bai goizean grebarekin bat egin arren partida ikusteko beste hainbat auzotan ireki dituzten zenbait tabernetan.

Ezkerraldean, igande goizetako itxura zuten kaleek komertzioak irekitzeko orduan. Aurreko grebetan baino askoz denda eta taberna gutxiagok zabaldu zituzten ateak, baina ez dago esaterik saltoki txikietan grebaren jarraipena erabatekoa izan zenik. Portugaleten, Ballonti merkataritza gunea ireki zuten, baina ohi baino beranduago, piketeen ondorioz. Dena dela, egunez osoan Ertzaintzak zaindu zuen hango sarrera.

Durangaldea, Busturialdea eta Arratia erabat gelditu zituen grebak. Mungian eta inguruko herrietan, aldiz, eragin txikiagoa izan zuen, aurreko greba deialdietan gertatutako modu berean. Tabernetako terrazak beteta zeuden eta jendea ogiarekin eta egunkariarekin zihoan etxera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.