Turismoa

Inoiz baino turista gehiago iritsi ziren iaz EAEra

3,5 milioi turistak baino gehiagok bisitatu zuten EAE Euskal Autonomia Erkidegoa 2017an. Turista kopuruak %4,4 egin du gora, 2016ko datuekin alderatuz.

Alfredo Retortillo Turismo sailburua. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS
Iosu Alberdi.
2018ko otsailaren 5a
19:14
Entzun

EAE Euskal Autonomia Erkidegoak 3.588.045 turista jaso zituen 2017an, orain arteko kopuru handiena. Hala azaldu du Alfredo Retortillo Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak, gaur goizean eginiko agerraldian. Turista kopuruak %4,4 egin du gora, 2016. urtearekin alderatuz. 150.000 gehiago dira horiek, EUSTAT Euskal Estatistika Erakundearen eta INE Espainiako Estatistika Institutuaren datuen arabera. Datu horiek EAEn gutxienez gau bat igaro duten lagunak hartzen dituzte kontuan.

Datuak positiboak direla azaldu du Retortillok: "Ez hazkundeagatik, baizik eta hazkunde hori urtaro guztietara zabaldu delako". Izan ere, turista kopuruak ia urte osoan egin du gora. Sailburuaren esanetan, urtarriletik ekainera bitartean 115.000 turista gehiago iritsi ziren EAEra. Uztailean, berriz, hazkundea "minimoa" izan zen, eta abuztuan jaitsiera txiki bat ere gertatu zen.

Turista gehienek, %82 inguruk, hoteletan hartu zuten ostatua; gainerakoek, 500.000 lagun inguruk, bestelako ostatuetan. Turistek EAEn igarotako gauek ere gora egin dute, %3,4, eta 7,4 milioira iritsi dira. Batez beste, 2,06 gau igaro ditu bakoitzak. Gau kopurua igo eta urte osoan hazkundea mantentzeko asmoz, autoan egiteko bideak, barnealdeko turismoa eta ekoturismoa sustatu nahi ditu Jaurlaritzak, baita turismo industriala ere, besteak beste, Bizkaiko zubi esekiaren 125. urteurrena aprobetxatuz.

Jatorriari dagokionez, gehiengoa Espainiako Estatutik iritsi zen, %60 inguru. Halere, nazioarteko turisten kasuan hazkundea handiagoa izan da, %9 igo baita sarrera kopurua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.