Mario Draghi EBZko lehendakariak ontzat jo du herrialde periferikoen arrisku saria asko jaitsi izana azken hilabeteotan, eta eurogunearen gaineko gidaritzan egindako "hobekuntzei" egotzi die erantzukizuna. Merkatuek konfiantza berreskuratu dutelako pozik azaldu da, baina zuhur mintzatu da: "Izan ere, duela hiru hilabete ere ezin genuen esan konfiantza itzultzekotan zela".
Langabeziari buruz, %12,1eko tasa onartezina dela esan du Draghik. Inflazioa uste baino txikiagoa izanagatik, baztertu egin du "japoniar erako" deflazio arriskua dagoela, hau da, bere burua elikatzen duen prezioen beherakada jarrai bat. Deflazioaren beldur dira banku zentralak, gurpil zoroa sortzen duelako: prezio txikiagoen esperoan kontsumoa jaitsi egiten da, eta horrek prezio txikiagoak eragiten dituenez, are gehiago txikitzen da kontsumoa eta haren batera jarduera ekonomikoa. Aurreko agerraldietan bela, ordea, onartu du inflazio txikiko garai luze baten aurrean gaudela, eta haren arriskuen aurrean ekiteko prest azaldu zen. Herrialde batzuk edo besteek inflazio negatiboak izatea normaltzat jo zuen, "galdutako lehiakortasuna berreskuratzeko" delako.
Draghik defendatu egin du EBZren jarduna krisiaren azken urteotan, eta gogorarazi du Alemaniako hainbat adituk eta hedabidek iragarritako kalteak ez direla gertatu, eta inflazioa, maila arriskutsura igo beharrean, jaitsi egin dela.