Betikoa da Europako Banku Zentralak interes tasak %1ean utzi dituela, 2009ko maiatzaren 13az geroztik ez baitira mugitu. Berritasuna, berriz, aspaldiko partez Jean Claude Trichet EBZko lehendakaria inflazioarengatik kezkatuta azaldu dela. Horrek ez du esan nahi interes tasak berehala igotzeko asmoa duenik, baina bai, ordea, prezioek goranzko bidean jarraitzen badute egin egingo duela.
Inflazioa %2,2ra igo zen abenduan euroaren eremuan. Historikoki begiratuta, inflazio ez da handia, baina EBZren helburutik gora dago. Banku zentralak dio prezioen igoera egokia %2koa dela, edo haren gertu baino azpitik dagoena. EBZk uste du azkenaldiko igoera koiunturala dela, erregaiaren garestitzeak bultzatu duelako. Urteak aurrera egin ahala, prezioak gutxiago igoko direlakoan dago.
Baina, aurreko agerraldietan ez bezala, eta ohiko duen hizkera kriptikoarekin, Trichetek onartu du prezioek gora egiteko arriskua ere badagoela: «Epe erdira, prezioen bilakaerari buruzko arriskuak nahiko orekatuta daude, baina gorantz ere egin dezakete».
Azken esaldi horrekin, urtearen bigarren erdialdean interes tasak igoko direla ondorioztatu dute hainbat analistak. Juergen Michels Citibankeko Europarako ekonomistak, esaterako, bere aurreikuspenak aldatu ditu: lehen uste zuen diruaren prezioa 2012ko lehen hiruhilekoan igoko zela, baina orain uste du urriaren 31 baino lehenago izango dela.
Alemaniaren interesa
Diruaren prezioa igotzeko beste arrazoi bat Alemaniaren hazkundea da. Kontinenteko periferiako herrialde gehienak ez bezala, Alemaniak oso hazkunde sendoa izan zuen iaz —%3,6, herenegun aurreratu zutenez— eta aurten %2 ingurukoa espero du. Kopuru horiekin interes handiagoak komeni zaizkio. Arazoa da dirua garestitzeak hazkundea murriztuko liekela larri dabiltzanei.
Interes tasak igotzea berri txarra izango litzateke herritarrentzat eta enpresentzat, kostata lortzen duten finantzaketa garestiagoa izango litzaiekelako. Baina euroguneko estatukide batzuk ere ataka are zailagoan jar ditzake. Izan ere, EBZk diruaren prezioa igoko balu, Grezia, Irlanda, Portugal eta beste herrialde batzuren zorraren interesa ere igoko lirateke eta zorra ez itzultzeko aukerak handituko lirateke.
Interes tasak aurten igotzeko lehen keinua egin du Trichetek
Epe erdira inflazioa berriro jaitsiko dela uste badu ere, igotzeko aukerak ere badaudela ohartarazi du EBZk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu