EKONOMIA

Interes tasak izoztu ditu Fed-ek, 'Brexit'-aren beldur

AEBetako Erreserba Federalak %0,25 eta %0,50 arteko interesei eutsi die, eta igoera atzeratu du. 'Brexit'-aren ziurgabetasunak bultzatu du erabakia hartzera.

Janet Yellen, AEBetako Erreserba Federaleko burua. JIM LO SCALZO / EFE
Oihan Vitoria.
2016ko ekainaren 15a
17:27
Entzun

AEBetako Erreserba Federalak (Fed) bere horretan utziko ditu oraingoz interes tasak: %0,25 eta %0,50 artean. Erresuma Batua Europako Batasunetik irteteko arriskuak bultzatu du Fed interesen igoera atzeratzera. "Erabakia hartzeko faktoreetako bat izan da, bai, Brexit-ak ondorio garrantzitsuak izan baititzake finantza merkatuetan", adierazi du Janet Yellen Fed-eko buruak, kazetarien galderei erantzunda.

Brexit-ak mundu osoko ekonomiari eragingo liokeela uste du Yellenek, inbertsiogileen konfiantza bete-beten aldatuko lukeela iritzita. "Ekonomiaren zaurgarritasuna handia da oraindik, eta inbertsiogileen arrisku gosea momentu batetik bestera alda daiteke". 2016ko lehen seihilekoko datuak aldakorrak izan direla erantsi du Fed-eko buruak, baina susperraldiaren indarra nabarmendu du. "Lan merkatuaren erritmoa zertxobait mantsotu dela eta jarduera ekonomikoarena, berriz, bizkortu egin dela dirudi".

AEBetako langabezia tasak %4,7an itxi zuen maiatza, 38.000 lanpostu berri sortuta, eta 2016a ere ildo berean bukatzea espero du Erreserba Federalak. Oro har, orain arte eginiko hazkunde aurreikuspen guztiak apaldu ditu Fed-ek: herrialde horretako BPG barne produktu gordina, esaterako, %2 baino ez da haziko da aurten, 2017an eta 2018an, nahiz eta iragan martxoan %2,2 igoko zela iragarri. Inflazioari dagokionez, berriz, prezioak %1,4 garestitzea espero du hurrengo urterako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.