Atzoko igoerarekin urriaren 2ko maila gorenetik oso gertu geratu da Euriborra. Orduan, %5,526ra iritsi zen.
Urte baterako Euriborraren igoerak ez ditu ustekabean harrapatu merkatuetako analistak. Izan ere, Europako Banku Zentralak interes tasak jaisteko unea gerturatzen ari zela jakin arren, hiru hilabeterako Euriborrak gora egin du azken 18 saioetan. Hau da, Lehman Brothersek porrot egin zuenetik. Hiru hilabeteko Euriborra izan ohi da bankuen arteko merkatuko gorabeherak aztertzeko indize egokia. Atzo %5,393ko maila historikoan geratu zen, bezperan bezalaxe.
Beste hitz batzuetan, EBZtik dirua merkeago lortzeko aukera izan arren, bankuen arteko diru merkatua oso geratuta dagoela eta bankuak oso uzkur direla elkarri dirua uzteko, ez baitira utzitako sosak jasotzeko ziur. Euriborra bankuek elkarri dirua uzten dioten interesaren batez bestekoa da.
Dagoeneko, interes tasa ofizialen eta urte baterako Euriborraren arteko aldea inoizko handiena da: %1,762koa. Iazko abuztuan finantza krisia sortu zenetik gorantz egin du Euriborrak, ordutik interes tasa ofizialak apenas mugitu diren arren.
Euriborraren berehalako jaitsierarik ez itxaroteko eskatu zuen atzo Miguel Angel Fernandez Ordoñezek, Espainiako Bankuko gobernadoreak. Haren ustez, «Euriborra ez da jaitsiko merkatuetara konfiantza itzultzen den arte. Horretan ari gara gobernuak eta banku zentralak».
Interes tasa ofizialak are gehiago jaisteko eskatu dutenei ezezkoarekin erantzun zien Fernandez Ordoñezek. Lehenik eta behin, EBZren lana inflazioa kontrolatzea delako eta alde horretatik arrisku handiak ikusten dituelako. Bestetik, zain dagoelako herenegungo jaitsierak merkatuetan zein ondorio dituen ikusteko.
Nahi beste bankuentzat
Hain zuzen ere, merkatuak lasaitze aldera EBZk beste neurri bat hartu zuen atzo: urtarrilaren 28ra arte gutxienez, bankuek nahi bezainbeste diru eskatu ahal izango diote, eta guztiek %3,75eko interesa pagatuko dute. Neurri hori «ahal bezainbeste» luzatzeko aukera ikusten du Espainiako Bankuko gobernadoreak. Orain arte, EBZk erabakitzen zuen zenbat diru jartzen zuen bankuen esku eta tasa aldakorrarekin mailegatzen zien. Esaterako, joan den astean 250.000 milioi euro utzi zizkien banku pribatuei, %4,7ko interesarekin. Bankuek 271.271 milioi eskatu zizkioten, eta %4,24 eta %5,25 arteko interesa eskaini zuten.
Bankuei dirua utzita, EBZk nahi du finantza erakundeak berriro maileguak ematea herritarrei, enpresei eta beste bankuei. Izan ere, bere azken azterketek erakusten dute euroaren eremuan jarduera ekonomikoa ahultzen ari dela. Beste arrazoien artean, «finantza merkatuetako tentsioek uste baino eragin okerragoa izaten ari direlako ekonomia errealean». Hau da, bankuen aldetik maileguak lortzeko zailtasunak dituztenez -edo mailegu horiek garestiago pagatu behar dituztenez-, herritarrek gutxiago kontsumitzen dutela eta enpresek gutxiago inbertitzeko aukera dutela.
NDFren diru eskaintza
Herri aberatsetan sortutako arazoa herrialde pobreetara ere hedatzen ari dela ohartu dute nazioarteko finantza erakundeek. Robert Zoellick Munduko Bankuak presidenteak atzo iragarri zuen herrialde batzuetako banku sistemek porrot egiteko arriskua daukatela.
Hori dela eta, Dominique Strauss Kahn Nazioarteko Diru Funtseko zuzendariak gogorarazi zuen atzo diru kutxa beteta dutela nahi dutenari mailegatzeko. «Prest gaude arazoak dituen edozein herrialderen eskaerari erantzuteko».
Euriborra ez da jaitsiko merkatuetara konfiantza itzultzen den arte. Horretan ari gara»
miguel angel fernandez ordoñez
Espainiako Bankuko gobernadorea
«Finantza merkatuetako tentsioak uste baino eragin okerragoa izaten ari dira ekonomian»
europako banku zentrala
«Prest gaude arazoak dituen edozein herrialderen eskaerari erantzuteko»
DOMINIQUE STRAUSS KAHN
Nazioarteko Diru Funtseko zuzendaria