Azken urteotan asko merkatu dira Europako estatu arteko deiak. Gaur egun, egindako telefono deiaren minutuak 24 zentimoko kostua du, eta jasotakoarenak, 7 zentimokoa. SMS bat bidaltzeak 8 zentimo balio du, eta megabyte bat deskargatzeak, 45 zentimo. Uztailean izango da hurrengo beherapena. Ordutik aurrera, egindako minutuak 19 zentimoko prezioa izango du, eta jasotakoak, 5 zentimokoa. SMSak 6 zentimotara pasako dira, eta megabytea, 20ra.
Tarifa berri horiek ez dute asko iraungo, ordea. Europako Parlamentuak gaur onartu du roaming-ak sortzen dituen gainkostuek bukatu egin behar dutela. Hala, 2015eko abenduaren 15etik aurrera estatu barrukoek adinako kostua izango dute estatuartekoek.
Erabaki horrek bete-betean eragiten dio Euskal Herriari, indarrean jartzen denean gainkosturik ez dutelako ordainduko Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko telefono deiek.
Eurobarometroaren arabera, Europako hamar herritarretik zazpik mugatu egiten du sakelakoaren erabilera atzerrira joaten denean, eta %94k datuetarako sarbidea eteten dute atzerrian. Legebiltzarraren ustez, datu horiek erakusten dute telefono konpainiei ere mesede egingo diela roaming-a kentzeak.