LAB bigarren aldiz aurkeztuko da Lan Auzitegirako hauteskundeetan. Abenduaren 3an iraganen dira hauteskunde horiek, eta LABek zerrendak aurkeztuko ditu bai Baionako auzitegirako, bai Oloruekorako. Alabaina, Zuberoako langileek Olorueko auzitegian konpontzen dituzte nagusiarekin dituzten arazoak, beraz, hango auzitegia osatzeko bozkatuko dute.
Aitzineko hauteskundeetan hautetsi bat lortu zuen LABek. «Hauteskunde haietan, mapa sindikalean gure burua kokatzea zen erronka», adierazi zuen atzo Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak. «Aurten, bide horretan urratsak egiten ari garela erakutsi nahi dugu». Beste sindikatuek LABi sindikatu izaera ukatzen badiote ere eta LAB baztertzen badute ere, «bertako langileek erranen dute LABek zer toki duen». Azken sei urteetan, LAB hainbat lantegitan egituratu dela azpimarratu du Etxaidek.
Bost zerrenda
Bost sektoretan aurkeztu ditu zerrendak LABek, hauteskundeak sektorez sektore egiten baitira. Orotara 50 pertsona dira zerrenda horietan. Zuberoan ere beste hainbat pertsona aurkeztuko dira, Biarnoko kide batzuen laguntzarekin. Zerrenda bakoitzak bere sektoreko arazoak azpimarratuko ditu. Arlo sozialeko zerrendaburuak, Maider Etxoanek, sektore horretako prekarietatea eta hitzarmen kolektiboen ez errespetatzea salatu du. Bixente Eiherabide laborantza arloko hautagaiak hamar lagunez beherako langileek ez dutela ordezkari sindikalik ukaiteko eskubiderik azpimarratu du.
Heren Muruaga industria arlokoak lan istripuak eta lan ordu ez ordainduak aipatu ditu. Peio Etxeberri-Aintxartek salatu du arduradun postuak dituztenei lan ordu gehiago eman dizkietela. Eñaut Aramendi merkataritza sailekoak igandeetako lana ezartzeko asmoaz ohartarazi du, baita ere sektore horretako langileei, oroz gainetik emazteei, «inposatzen dieten lan denbora partzialaz». Bixente Eiherabide laborantza arlokoak argitu du hamar langiletik beherakoek ez dezaketela ordezkari sindikalik ukan.
Ipar Euskal Herrian «errotu» dela erakutsi nahi du LABk, bozetan
Lan Auzitegirako hauteskundeak izanen dira abenduaren 3an, eta LABek zerrendak aurkeztuko ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu