Pentsioen erreforma

Ipar Euskal Herrian kalera atera dirahirugarren egunez, pentsioen erreformaren kontra

Sindikatuek borrokan jarraitu beharra adierazi dute, eta azpimarratu atzo lehen ministroak eginiko adierazpenek haserrea areagotu dutela.

Angeluko manifestazioa, gaur goizean. GUILLAUME FAUVEAU / LE JOURNAL
Ekhi Erremundegi Beloki.
2019ko abenduaren 12a
10:51
Entzun

Jende andana elkartu da Angelun greba mugimenduaren hirugarren mobilizazio egunean. Eguraldi kaxkarrak ez du uxatu jendea, eta ehunka lagun atera dira manifestazioan. FSU, CGT eta FO sindikatuetako kideak izan dira manifestazioaren buruan, eta Frantziako presidente Emmanuel Macroni dei egin diote martxan duen pentsioen erreforma atzera botatzeko. Pentsioak: Macron/Delevoye proiektua erretiratu. Enplegua, zerbitzu publikoak eta lansarien alde ageri da pankartan.

Mobilizazioak BAB2 merkataritza gunerako bidea hartu du, baina, manifestariak hara iritsi aurretik, ateak itxi dituzte. "Dena itxi dute beldur direlako. Etsigarria da. Koldarrak", adierazi du erosketak egitera zioan andre batek, manifestariei babes keinua eginez. Gauza bera gertatu da Leclerc supermerkatura gerturatu direnean ere. Ateak itxita topatu dituzte, barruan erosleak begira zeudela.

Grebak eta mobilizazioek aurrera jarraituko dutela adierazi dute sindikatuek, erreforma bertan behera geratu arte. "Mobilizatuak eta motibatuak gaude; eguraldi txarra izanik ere, jende anitz bada", adierazi du CGTko kide Samathan Hourquescosek. Edourd Philippek erreformaren gakoak azaldu zituen atzo, eta horrek kalera ateratzeko indarra eman diela dio CGTko kideak: "Argi erran zuen erretretaren adina gibelatuko zuela; gu zatitzen saiatu da 1975etik aitzina sortu direnei bakarrik aplikatuko zaiela erranez; erregimen bereziak kentzen ditu, baina batzuk atxiki... Enfin! Gaur hemen egoteko arrazoiak eman dizkigu". Hourquescosen esanetan, erreforma "bere osotasunean" baztertzea da helburua, eta horretarako "eguneroko" borrokaren beharra azpimarratu du.

FO sindikatuko Herve Larreuquertek gehitu du jendea "biziki haserre" dagoela, eta are gehiago sutu dituztela atzo lehen ministroak eginiko adierazpenek: "Funtsean ez du ezer aldatu. Haserreak bere kontra monopolizatzea besterik ez du lortu". Astelehenetik aitzina, garraiolariak ere greba mugimenduan sartuko dira, eta horrek eragina izanen duela espero du FOko idazkariak. Zortzi petrolio iraztegietatik zazpi blokeatzeko asmoa dute.

LABeko Eñaut Aramendik, berriz, Euskal Herrirako sistema propio baten alde egin du, "borroka Parisen" gertatuko den arren, lan egin beharra azpimarratuta: "Alternatiba hemendik proposatu dezakegu: sistema propio eta duin baten alde borrokatu beharko dugu”. Urtarrilaren 30ean izanen den greba orokorra indartzera ere deitu du. Aramendiren esanetan, greba sektore anitzetara zabaldu beharra dago, eragin handiagoa izan dezan: "Frantzia mailan, maluruski, ez da estrategia iraunkorrik grebaren inguruan. Nik uste dut ezinbestekoa dela ahalik eta langile gehienek greba egin eta mobilizazioetan parte hartzea. Ezin dugu utzi trenbideetako langileen esku mugimendu hau; intersindikalari hasieratik erran diogu: denak batera atera behar gara kalera. Nire ustez, estrategia aldatu beharko genuke, kontsumoan ere eraginez. Utz diezaiogun greba egunetan kontsumitzeari: ekonomia blokeatu nahi badugu benetan, ez da beste aterabiderik".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.