Ipar Euskal Herriko postarien laurdenek greba egin zuten atzo, Postaren estatusaren aldaketa aurkezten duen lege proiektuari buruzko desadostasuna adierazteko. Frantziako Gobernuak erreforma ez badu bertan behera uzten abendurako manifestazio eguna antolatuko dutela esan dute sindikatuek
Postak sindikatuei emandako datuen arabera, Angeluko postarien %30ek, Baionakoen %31k, Miarritzekoen %12k, Baigorri, Donapaleu, Donibane Garazikoen%15ek, Hendaiakoen %16k eta Maule-Atharratzeko postarien %83k lana utzi zuten atzo. CGT, CFDT, FO, Sud eta CFTC sindikatuek egin zuten grebarako deialdia.
Ipar Euskal Herriko hainbat herritarik etorritako berrogeita hamar bat postari elkarretaratu ziren Baionako posta bulegoaren aurrean. Goiz bukaeran, postari grebalariak herriko etxera joan eta irakasle eta ikasle batzuekin elkartu ziren, haiek ere greban baitziren. Baionako suprefeturaraino abiatu ziren bostehun bat lagun. Frantziako hainbat hiritan ere egin zituzten protestak.
Patrik Frantsezena Sudeko sindikalistak azaldu duenez, «orain da Postaren pribatizazioaren aurkako mugimendu zabal bat osatzeko momentu ». Azaroaren 9an, erreformaren lege proiektuaren alde bozkatu zuten Senatuan, 183 boz alde eta 152 kontra zirela. Abendu erditsutan, berriz, Asanblea Nazionalean dute eztabaidatuko eta bozkatuko lege proiektua. «Gobernua tematzen bada, legea bozkatzen badu, abenduaren 13ko astean, eragile sindikalak manifestazio nazional bat antolatzeko baldintzetan murgilduko dira», ohartarazi dute sindikatuek, idatzitako agiri bateratuan.
Grebalariek uste dutenez, posta zerbitzu publiko izatetik sozietate anonimo estatusera pasatzeak erakundearen pribatizazioa dakar. Hori dela eta, postaren «pribatizazioaren» aurkako mugimendu soziala azkartuz joan da azken hilabete hauetan. Bi milioitik gora lagunek beren desadostasuna adierazi zuten urriaren hasieran antolaturiko herri galde ketan.
Iparraldeko lau postaritik batek greba egin du, erreformari ezetz esateko
Postaren estatusaren aldaketak zerbitzuaren pribatizazioa ekarriko dutela uste dute sindikatu guztiek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu