Irabazi handienak Iberdrolak, eta oso handiak Sanchez Galanek

Argindar konpainiak 2.871 milioi euroko mozkina izan zuen iaz, 2009an baino %1,6 gehiago

Erredakzioa
Bilbo
2011ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Urtetik urtera mozkinak handitzen ari da Iberdrola. Iaz 2.871 milioi euro irabazi zituen Bilbon egoitza duen argindar konpainiak, aurreko urtean baino %1,6 gehiago. Inoizko irabazirik handienak dira horiek, eta Hego Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo azken urteotan egin dituen erosketa handiei zor dizkie. Horrela, konpainiak instalatuta duen 44.991 MWetako gaitasunetatik, 25.590 MW daude ohiko merkatuan, 6.968 MW Erresuma Batuan (Eskozian nagusiki), 5.598 MW AEBetan, 5.565 Latinoamerikan eta 1.270 MW beste lekuetan.

2010ean beste 5.674 milioi euro inbertitu ditu Iberdrolak, eta 2.000 milioiko aktiboak saldu ditu, estrategikoak ez zirelako. Konpainiaren errentagarritasuna handitu egin da: %17,5 gehiago fakturatu du eta ustiakuntzaren emaitza gordina (Ebitda) %10,5 handitu da, 7.528 milioira arte. Guztira, 154.073 milioi kilowatt orduko ekoizpena izan du taldeak, 2009an baino %9 gehiago. Horretatik erdia CO2isurketarik gabekoa izan da.

6,96 milioi Galanentzat

Emaitza on horiei esker patrika asko gizendu ahal izango du Ignacio Sanchez Galan presidenteak. Dirutan 5,347 milioi euro jaso ditu: 5,228 milioi Iberdrolatik eta 119.000 euro haren Iberdrola Renovables adarretik. Baina horri beste 1,614 milioi gehi dakizkioke, hori baita gaur egun Iberdrola Renovablesek eman dizkion 613.837 akzioek balio dutena. Guztira, 6,96 milioi jasoko dituen arren. Iaz gehiago 8,25 milioi bildu zituen,soldatari hiru milioi euroko bonoa gehitu ziolako, Iberdrolaren plan estrategikoa betetzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.