Prezioak

Irachek "telefoniaren, argiaren eta gasaren prezio igoera handiak" salatu ditu

Nafarroako kontsumitzaileen elkarteak beharrezkotzat jo du merkatuan "benetako lehia sustatzea".

Jon Fernandez.
2018ko urtarrilaren 5a
13:37
Entzun

Urte berriarekin gora egingo dute zerbitzu askoren prezioek Euskal Herrian, tartean oinarrizko zerbitzuenak. Kasu askotan igoerak "handiak" direla salatu du Irachek, Nafarroako kontsumitzaileen elkarteak, eta nabarmendu du bereziki telefonoaren, argiaren eta gasaren fakturak garestituko direla.  Esku hartzeko eskatu die erakunde publikoei: "Beharrezkoa da sektore horietan benetako lehia sustatzea, kontsumitzaileak eskaintza hobeak izan ditzan merkatuan".

Hiru telefono konpaniaren igoerak kritrikatu ditu, bereziki: Movistarrena, Orangerena eta Lowirena (Vodafonen prezio apaleko marka da). Movistarrek bi euro garestitu ditu Internet eta telefono finkoko tarifak, eta otsailean beste bost euro garestituko ditu telefono finko, sakelako, Internet eta telebistako eskaintza sortak; Orangek ere, otsailean, bi eta bost euro artean garestituko ditu eskaintza sorta gehienak; eta Lowik %10 garestituko ditu urtarrilaren 15etik aurrera egindako kontratazio berriak. 

"Justifikatu dute konexio azkarragoagatik igo dituztela prezioak, datu gehiago eskaintzen dituztelako edo bestelako hobekuntza teknologikoren batengatik; edonola ere, aldaketa horiek ez ditu kontsumitzaileak eskatu", kritikatu du Irachek.

Argiaren fakturari dagokionez, kontsumitzaileen elkarteak ohartarazi du %2,5 inguru garestituko dela, nahiz eta Espainiako Gobernuak esan argiaren fakturaren zati arautua izoztuko duela. "Eta horri gehitu behar zaio 2017an kontsumitzileei argindarra %10 garestitu zitzaiela: kasu askotan 80 euro gehiago pagatu dituzte urtean". Halaber, gasaren garestitzea %6,6koa izan daitekeela ohartarazi du Irachek.

Garestitze horien harira, Nafarroako kontsumitzaileen elkarteak nabarmendu du erakunde publikoek "tresnak" izan behar dituztela benetako lehia ziurtatzeko, "eta, batez ere, bermatzeko kontsumitzaileek arrazoizko prezioetan jasotzen dituztela argia edo gasa bezalako oinarrizko zerbitzuak".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.