Ostegunean izendatu zuten Vassiliki Thanou Auzitegi Goreneko presidentea Greziako behin-behineko lehen ministro. Thanouren gobernuak bozetara deitzeko mandatua du, eta, ondoren, desegin egingo da. Gobernuko kideek ostiralean egin dute karguen zina, eta ondoren, parlamentua desegin eta bozetara deitzeko dekretua sinatu du Prokopis Pavlopulos Greziako presidenteak.
Parlamentu berria urriaren 1ean osatuko dute. Alexis Tsipras Greziako lehen ministro ohiak dimisioa aurkeztu zuenetik, espero zen irailaren 20an egitea hauteskundeak. Tsiprasek dimisioa legealdiaren lehen urtean aurkeztu izanak, ordea, aukera eman die beste talde politikoei gobernua osatzeko elkarrizketak abiatzeko. Ez dute lortu, baina hauteskundeak atzera zitzakeen prozedura horrek. Orain, ofizialki ezarri dute bozetarako data: irailaren 20a.
Hauteskunde kanpaina Greziako demokraziako motzenetakoa izango da: 23 egun izango ditu. 1996koa izan zen laburrena, 21 egunekoa.