Inflazioak nabarmen egin du atzera azken hilabetean Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan: %1,8tik %0,5era pasatu da. Azken urteotako jaitsierarik handienetakoa da, 1,3 puntu egin baitu atzera prezioen garestitzea neurtzen duen indizeak. Espero zen jaitsiera nabarmen bat gertatzea, iazko irailean sartu baitzen indarrean Espainiako Gobernuak erabakitako BEZaren igoera. Aldagai horrek azaltzen du maila batean inflazioaren jaitsiera.
Edonola ere, albiste onak dira egunero erosketak egin behar dituztenentzat, salneurrien garestitzea moteldu egin delako, KPIa kalkulatzeko baliatzen diren atalen multzoan behintzat. Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroarentzat ere ez da albiste txarra, bizitzaren garestitzea kontrolpean dagoela islatzen duelako zenbakiak, eta urte amaierarako jarritako helburua (inflazioa %1etik beherakoa izatea) gero eta gertuagoa duelako. Espainian %0,3an zegoen inflazioa irailean.
Besteak beste, soldatak igotzeko erabiltzen den indizea da KPI, nahiz eta aspaldi honetan haren azpitin igotzen ari diren (sinatzen diren lan itun bakanetan), horrek erosteko ahalmenean eragiten duen galerarekin. Hala ere, Rajoyren gobernua inflazioa bigarren mailan utzi nahian dabil, adibidez pentsioak gaurkotzean. Desindesazioari jarraiki, KPI pentsiodunen saria gaurkotzeko ariketatik atera nahi du PPk, pentsioen erreformak jasotzen duen bezala. Espainiako aurrekontu orokorrek dagoeneko pentsioak %0,25 igoko direla finkatu dute. Azaroko inflazioa %0,5ekoa balitz, pentsiodunek %0,25eko galera izango lukete erosteko ahalmenean. Ikusteko dago, ordea, galera hori handiago izango den azkenean, urte amaierako inflazioa irailekoa bezain apala izatea ez baita segurua.
Salneurriek izan duten garapenari erreparatuta, botiketan igoera deigarria egon dela azpimarratu behar da; berrordainketaren ondorioz igo dira itxura batean. Hezkuntzan ere gora egin dute prezioek, modu nabarmenean Nafarroan. Eta alkoholak eta tabakoak ere gorantz doaz, azken urteotako joerari eutsita. Jaitsierak ere badira, haatik. Komunikazio arloan (sakelakoak eta interneterako euskarriak) %5eko jaitsiera egon da, eta garraioetan ere behera egin dute prezioek. Etxebizitzen salneurriak ere atzera egin dutenen artean sartu behar dira, azken urteetako indize guztietan bezala. Gehien eta gehienek erosten dituzte produktuak, berriz, elikagaiak eta alkoholik gabeko edariak, ez dira apaldu salneurrian, %2 inguru igo baitira.