Ekonomia

Irailean baino hobeto, iazko aldean gaizki

Urrian, 88 enpresa gehiagok eman dute izena Gizarte Segurantzan Confebasken txostenaren arabera, baina urte hasieran baino 1.100 gutxiago daude.

Miren Garate.
2013ko azaroaren 25a
20:50
Entzun

Nondik begiratu nahi zaion, ondorio baikorrak nahiz ezkorrak atera daitezke Confebaskek egindako ehun ekonomikoaren bilakaerari buruzko txostenetik. Urrian gehitu egin da Gizarte Segurantzan izena emandako enpresen kopurua. Aurreko hilean baino 88 gehiago daude, eta bigarren hilabetez jarraian egin du gora. Alabaina, urte hasieratik  1.100 enpresa galdu dira, eta krisia hasi zenetik, 2008tik, 7.367 (%11,3).

Enpresen joera berbera nabari da langile autonomoetan ere. Urrian, irailean baino 765 gehiagok eman dute izena Gizarte Segurantzan. Hala eta guztiz ere, urte hasieran baino 1.592 gutxiago daude, eta 2008an baino 17.542 (%9,2) gutxiago. Konparakea iazko urriarekin eginez gero, %0,8koa izan da galtze erritmoa —2008ko abendutik izandako jaitsiera txikiena da—.

Hartzekodunen konkurtsora jo duten enpresa kopuruari dagokionean, urtarriletik irailera 433ek hautatu dute bide hori. Iaz, epe berean, 375 izan ziren. Alabaina, %15,1eko gorakada hori,  2012koa baino dezente apalagoa da, orduan %44 gehitu baitziren. Batez ere eraikuntzan ugaritu dira hartzekodunen konkurtsora jo duten enpresak, industrian zertxobait murriztu dira halako kasuak.

Confebaskek enpresen aldeko neurri gehiago eskatu ditu. "Pilatutako galera handia da. Lehentasuna izaten jarraitzen du enpresen iraunkortasunari eta lehiakortasunari eusteak. Euskal ekonomiaren susperraldiari laguntzeko, pizgarri eta babes neurri berriak behar dira. Horrela lortuko da enplegua mantentzea eta sortzea", adierazi du patronalak ohar baten bidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.