Irani zigorrak kendu eta aste gutxira, hasi dira eraginak nabaritzen nazioarteko ekonomian. Irango Gobernua izan da neurriak hartzen lehenetarikoa: zaharkituak dauzkan hegazkinak erabileratik at utzi, eta berriak eskuratu nahi ditu. Horretarako, 25.000 milioi dolarren truke 118 Airbus erosteko akordiorako oinarria izenpetu du gaur Parisen Hasan Rohani presidenteak, François Hollande Frantziako presidentearekin bildu ostean.
Berebiziko ikusmina eragin du Rohaniren bidaiak. Ez da gutxiagorako. Hamazazpi urte joan dira Irango presidente batek Frantziako hiriburua azken aldiz bisitatu zuenetik, eta herritarrak ez ditu oharkabean hartu: ugariak eta zalapartatsuak izan dira Rohaniren aurkako protestak. Mugarritzat jo dute akordioa, Airbusekin eginiko ituna hein handi batean Frantziarekin eginiko ituna baita; Airbus Groupeko akzioen %11 dauzka Parisek.
"Izen ona" berreskuratzeko hazia
Hitzarmena ofizial egiten bada, A320 motako 45 hegazkin, A330eko beste 45, A350eko hamasei eta A380ko hamabi hegazkin bereganatuko ditu Iranek. Badu premia: 1995az geroztik ekonomikoki itota egoteak bete-betean eragin du Irango hegazkigintzan, geografikoki bakartu eta oinarrizko baliabideak herdoiltzeraino.
Horren jakitun, aurreakordioa Irango "izen ona" berreskuratzeko eta Frantziarekiko harremanak berrezartzeko "lehen hazia" dela nabarmendu du Iran Air erakundeko presidente Farhad Parvareshek. Iritzi berekoa da Airbuseko buru Fabrice Bregier: "Zerua argitu da Irango bidaiarientzat". Frantziako Estatuaren menpeko PSA Peugeot auto ekoizleak ere ekoizpena berrabiaraziko du aurki Iranen, herrialde horretako adarrarekin (Khodro) akordioa egin eta gero. "Erdibana" sortuko duten enpresa berrirako 400 milioi euro jarriko ditu Frantziako etxeak datozen bost urteotan.