Sunsundeguik Altsasun egin duen mende erdi luzea amaitzeko arriskuan dago. 1958an heldu zen enpresa, Gipuzkoatik, artean lurrunezko lokomotorrak egiten zituela. Gaur trenen eta autobusen karrozeriak egiten ditu, baina produktu batzuen zein besteen eskarien jaitsierak oso ataka zailean jarri du enpresa, 2008az geroztik ia 20 milioi euro galdu baititu. Nafarroako Gobernuak duela bi urte esku hartu zuen enpresari laguntzeko, baina sindikatuek urrunago joateko eta Sunsundegui erosteko aukera baliatzeko eskatu diote. Urrats hori errazteko, bost urterako lan ildoa finkatzen duen bideragarritasun plan bat bozkatu eta onartu dute langileek. Sindikatuak, baina, ez daude guztiz ados.
Bi urteko negoziazioen ondoren, Sunsundeguiko langileen %66k UGTren proposamena babestu zuten, aurreko astean egindako bozketan. UGTk eta ELAk batzordean dituzten bosna ordezkariek planaren alde egin zuten. LABek, ordea, ez zuen inolako akordiorik sinatu, hasieratik eskatu baitu Nafarroako Gobernuaren parte hartzea enpresak dituen egitura arazoak konpontzeko. Jarrera horrek kritika handiak eragin dizkiola ziurtatu du Kike Aldasorok, ELAk Sunsundeguin duen idazkariak.
Onartutako bideragarritasun planaren arabera, 40 langile kaleratuko dituzte. Langile horietatik hiruk erretiroa hartuko dute, eta bosti erretiroa aurreratuko zaie, baina soldatari eutsiko diote. Gelditzen diren 32 langileak urteko 30 egunez eta gehienez 18 hilabeteko soldatarekin joango dira kalera. Gainera, 8.000 euroko osagarria emanen zaie. Urtebete pasatuta, langile horiek enpresara bueltatzeko bermea izanen dute.
Lanean geratzen diren langileei hiru urtez soldatak izoztuko dizkiete, eta abuztuko diru saria kenduko diete. Gainera, egun batean ibilgailu bat baino gutxiago egiten bada, lanorduak eta soldata beste %10 jaisteko aukera izango du enpresak, baita erregulazio espedientea aurkezteko aukera ere. Horrez gain, lanpostu zerrendaren %17 behin-behinekoa izan ahalko da.
«Plan horri esker, gure enpresak 2013an galerak edukitzeari utziko dio eta 2016. urtera arte lantegiak irauteko baldintzak bermatuko dira», azaldu du Lorenzo Riosek, MCA-UGTko idazkari nagusiak.
Riosek adierazi du lanpostu zerrendari eta enpresaren proiektuei eustea lehentasunak direla. «Sakrifizioak egin behar izan ditugu, baina enpresak irauteko egin dugu, nahiz eta batzuei ez gustatu», erantsi du Riosek.
Nafarroako Gobernuak giltza
Edozein akordiok Nafarroako Gobernuaren konpromisoa bermatu beharko lukeela adierazi du, berriz, Gaizka Uhartek, Sakana-Larraungo LABeko idazkariak. Haren arabera, Nafarroako Gobernuak dauka enpresaren etorkizunaren giltza: «Gobernua Sunsundeguirekin eta haren etorkizunarekin konprometitzen bada, beharrezkoa den langileen, hornitzaileen eta bezeroen konfiantza lortuko dugu». Hala ere, gobernuaren asmoak zeintzuk diren ez dakitela adierazi dute, ez baita oraindik langile batzordeko batzarretara azaldu.
Izan ere, aurreko asteko bozketan Sunsundeguiren etorkizuna kudeatzeko bi proposamen zeuden: UGTrena eta ELArena. LAB sindikatuak azken horren pro-posamenaren alde egin zuen. Hala ere, bozketaren ondorengo bilkuran, ELAk UGTren plana babestu zuen azkenean. Kike Aldasorok baieztatu duenez, gehienek UGTren proposamenaren alde egin zutenez, haiek erabaki hori errespetatzea aukeratu dute.
Urriaren 23an bukatuko zaio Nafarroako Gobernuari Sunsundeguiren inguruan erabakia hartzeko epea. Halaber, Industria Departamentuarekin batzartzeko eskaera egin dute, Nafarroako Gobernuaren jarrera zein den jakiteko. Orduan erabakiko da Sunsundeguiren etorkizuna zein izango den.
Irauteko plan bat
Bi urtez daramate Sunsundeguiko enpresa errentagarria izateko negoziazioetan. Joan den astean, etorkizuneko plan bat finkatu zuten. Planak Nafarroako Gobernuaren konpromisoa eskatzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu