Enpresak

Irizar taldeak 535 milioi euroko fakturazio metatua izan du 2014. urtean

Emaitzei dagokienez, urte ona izan dela dio Ormaieztegiko enpresak, baina onartu du "aurreko urteetako hazkunde parametroak txikitu" egin direla.

xabier martin
2015eko urtarrilaren 23a
14:52
Entzun

Irizar Taldeak 535 milioi euroko fakturazio metatuarekin itxi du urtea, eta haietatik % 82 nazioarteko merkatuei dagozkie, kooperatibaren nazioartekotze mailarekin bat. "2014 urte bizia izan da", dio Ormaiztegiko enpresak hedabideei igorritako oharrak. Hala ere."aurreko urteetako hazkunde parametroak txikitu" egin direla onartzen du, "batez ere garatze bidean dauden herrialdeetako ekonomiek hazkunde txikiak izan dituztelako". Iaz, 554 milioikoa izan zen fakturazioa, inoizko onena; beraz, %3,4 jaitsi da fakturazio metatua.

2014. urtean joera irauli, eta Ormaitezgiko lantegia izan da taldearen hauspo nagusia. "Krisiak iraun duen bitartean atzerriko lantegiak izan dira, Brasil eta Mexiko batez ere, taldearen hazkundea bultzatu dutenak. Aurten, berriz, joera hori irauli egin da, eta Irizar Ormaiztegi izan da gehien hazi dena". Horri esker garatze bidean dauden herrialdeetako gainbehera egoera "orekatu" ahal izan dela dio irizarrek.

2014an atzerriko lantegiek taldeko salmenta guztien % 42 lortu dituzte eta iaz % 47. Aldiz, Ormaiztegik % 38 lortu du, eta iaz % 33. Taldeko gainerako konpainiek lortu dute fakturazioaren gainerakoa, % 20 hain zuzen.

Irizar Ormaiztegin autobus produkzioaren hazkundeaz hitz egin daitekeela berriro azpimarratu du kooperatibak, iaz baino % 15 gehiago ekoizti baita Gipuzkoan. "Era berean, iaz 2012arekin aldetatuta % 15 hazi zen, eta % 47ko merkatu kuota lortu dugu Espainian, Irizarren historian kuota handiena". Bi arrazoi nagusi eman ditu enpresak hori azaltzeko. "Bata, ekoiztutako gure markako autobusen nahiz ohikoen kopurua igo egin dela. Bestea, autobus horien ekipamendua hobetu dela Europako merkatuei erantzun ahal izateko".

125. urteurrena

2014. urtean berezia izan da Irizarren, enpresaren 125. urteurrena ospatu dutelako. "Urteurrenarekin bat etorriz, produkzio eta zerbitzu instalazio berriak inauguratu ditugu Gipuzkoako gure egoitza nagusian: diseinu gunea, gune korporatiboa, I+G zentroa, eta autobusak entregatzeko eraikina". Taldearen irudiak "jauzi handia" egin duela dio Irizarrek irudiari dagokionez, "onenen artean kokatzeko asmoz".

Aurtengoari begira baikorrak dira Ormaitegiko kooperatibako agintariak. "Aurreikuspenen arabera, Irizar Ormaiztegik hazten jarraituko du fakturazioari dagokionez". Horrek, inguruan lanpostu berriak sortzea ekarriko duela ozen dio autobus egileak. Horiek horrela, 2016rako Gipuzkoan lantegi berria zabalduko duela ezaguna da. Bere autobus %100 elektrikoa ekoitziko litzateke planta berrian.

Irizar markako autobus integralen fabrikazioa "bikoiztea" espero dute, gainera, 200 unitate, hain justu, eta ekoitzitako unitate guztien % 20 izatea mota horretakoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.