Hala ere, enpresaren iazko ekitaldi arrakastatsua ondo laburbiltzen duten beste hainbat datu azaldu zituzten atzo, Etxebarrietak berak, Irizar taldeko koordinatzaile orokor berriak, eta Josean Aizpuru taldeko presidenteak. 3.000 langile dituen enpresak 346 milioi euroko fakturazioa iritsi zuen iaz, 3.300 autobus salduta munduko 71 herrialdetan. Majo aldatu dira gauzak 1991. urteaz geroztik. Irizar ezagun bihurtu duen lan egiteko eredua ezartzen hasi zirenean, Ormaiztegiko lantegiak 200 langile zituen eta egunean autobus bat fabrikatzen zuen. Orain 720 behargin ditu eta iaz 1.607 autobus egin zituen. Talde osoari dagokionez, langileak guztira 3.000 dira. Ormaiztegin eta atzerrian dituen beste sei lantegietan Irizarrek eguneko 13,5 autobus ekoizten ditu, eta horietatik ia erdia 6,5 irteten dira Goierriko fabrikatik. Hiru dira Irizarrek egiten dituen autobus karrozeria ereduak. Azkenak, Irizar PB ereduak arrakasta handia izan du bere segmentuan, alegia, luxuzko autobusen alorrean. Orain arte, eredu horretako 3.000 autobus saldu ditu Irizarrek.
Autobus berria, diseinu fasean
Bidaia ertain eta luzeko linea erregularretarako Century da beste eredu bat: munduan gehien saldu den autobus eredua da, guztira 20.000 egin baitira azken urteetan. Bidaia labur eta ertainetarako hiriarteko zerbitzu erregularretarako, berriz, Intercentury modeloa egiten du Irizarrek bere lantegi gehienetan.
Hain zuzen, bidaia labur eta ertaineko zerbitzu erregular horietarako beste modelo bat prestatzen ari da taldea. Produktu kontzeptua diseinu fasean dago 2006. urte amaierarako bi propotipo eginda izatea espero dute, 2007tik aurrera Ormaiztegin ekoizten hazteko. Emaitza bikainekin, kudeaketan eta kalitatean bikaintasuna lantzen jarraitzeaz gain, nazioartekotzean ere aurrera egiteko asmoa du Irizarrek, batez ere hazkundean diren herrialdeetan. «Gure hazkundea ez da agortu, badugu hazten jarraitzeko lekurik», esan zuen Josean Aizpuruk. Asmo horien erakusgarri Brasilgo, Hego Afrikako, Marokoko, Indiako eta Txinako instalazioen hazkunde aurreikuspenak. Marokon gainera, beste lantegi bat eraikitzeko asmoa du Irizarrek. MCCren baitan, Irizar taldea kooperatiba da Ormaiztegin. Beste lantegietan, beharginen parte hartzea etekinen banaketaren bitartez lantzen dute.
Soslaia
Andoni Etxebarrieta Garmendia
Irizar taldeko koordinatzaile orokor berria
Gidari berria bolantean
Ia urtebete igaro da Andoni Etxebarrietak Koldo Saratxaga entzutetsuaren lekua hartu zuenetik Irizar Taldearen koordinazioan, eta atzo Ormaiztegiko lantegian egindako prentsaurrekoa, nolabait, haren aurkezpen ofiziala izan zen.
«Lagun on bat, eta pertsona oso prestatua, Irizarrek arrakasta izaten jarrai dezan». Halaxe definitu zuen Saratxagak berak Etxebarrieta. Aspalditik Hondarribian bizi den 49 urteko lekeitiarrak enpresa munduan eskarmentua duenik ezin uka. Madrilen ingeniaritza ikasketak egin ondoren, makina erremintaren alorrean lan egin zuen Frantzian eta Belgikan. Gero, Irungo Guria kooperatiban bulego teknikoko arduradun gisa sartu eta gerente gisa atera zen, beste kooperatiba batera, Astigarragako Biurrarenara joateko, gerente gisa, baita ere. 1993an Eroski Taldeko Logistikako zuzendari hasi zen, 2002. urteraino. Ordudanik Legazpiko Urola kooperatibaren proiektuaren koordinazioaz arduratu da.Irizar munduan zehar eramateko bolantea hartu duen arte.