IRLANDA . Atxilotu, eta ordubetera askatu egin dute Gerry Adams AEBetan

Bushekin bildu ondotik, bueltako airekoa hartzera zihoala atxilotu dute

ERREDAKZIOA
2006ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
AEBetako presidente George Bushekin eta AEBetako nahiz Irlandako hainbat politikarirekin Washingtonen, Etxe Zurian, San Patrizio Eguna ospatu ondoren, Washingtongo aireportuan New Yorkerako (eta handik Belfasterako) hegaldia hartzera zihoala atxilotu zuten atzo Sinn Feineko presidente Gerry Adams. Hala ere, «zorrotz arakatu», eta ordubetera aske utzi zuten, baina hegaldia galdu zuen. Atxiki izanaren arrazoia, ustezko terroristen zerrenda batean haren izena agertu zela izan zen. Harekin zihoan Brian Higgins diputatu demokratak gertaera gaitzetsi zuen.

«Adamsek ez luke terroristak behatzeko zerrenda batean egon beharko. Inork baino gehiago egin du Irlanda iparraldean bake prozesua bultzatzeko», esan zuen AEBetako diputatuak.Bestalde, Adamsen eledun batek jakinarazi zuen iaz ez bezala «oso harrera ona» egin ziotela hari. Irlandako iparraldeko beste hainbat politikari bezala, San Patrizio Egunaren (Irlandako patroia) karietara joan zen AEBetara Sinn Feineko ordezkaritza, hango ospakizun ofizialetan parte hartzera (40 milioi inguru estatubatuarrek arbaso irlandarrak dituzte), eta AEBetako presidente George Bush eta hainbat politikari errepublikano zein demokratarekin biltzera.Adamsek eginiko bileretaz mintzo, honakoa esan zuen haren eledunak: «Londresek Irlandako iparraldeko legebiltzarra berriz abian jarri behar duela dioen gure mezurako sostengu handia lortu du Adamsek».

CIAren hegaldiak Irlandan

Bitartean, Erresuma Batuko Garraio ministro Alistair Darlingek atzo esan zuen CIAk, ustez, presoak beste herrialdeetara galdekatzeko eramateko hegazkinekBelfasteko eta Derryko aireportuak erabili zituztela 2001etik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.