Hala ere, Honohanek onartu zuen hori bere nahia dela, erabaki behar dutenak beste batzuk direla. Eta erabaki behar duenak, Irlandako Gobernuak, itzulinguruekin jarraitzen du. Brian Cowen lehen ministroari Honohanen adierazpenei buruz galdetu zioten, eta erantzun zuen hori Honohanen iritzia zela, ez besterik.
Lehen ministroak Europako Batzordeko, Europako Banku Zentraleko (EBZ) eta Nazioarteko Diru Funtseko (NDF) ordezkariekin bildu ostean egin zituen adierazpenak. Negoziazioak, baina, gaur hasiko dituzte. NDFko ordezkarietako asko Dublinera bidean ziren atzo.
Oraindik uko egiten diote erreskate hitza erabiltzeari. Ukatu egiten dute erreskatea behar dutela. Dena den, Brian Lenihan Finantza ministroak beste urrats bat egin zuen atzo, laguntza ukatzetik onartzera bidean. Lenihanek esan zuen Irlandako Gobernuak «arrisku funts bat» onartuko lukeela herrialdeko bankuentzat, eta hori «aukera oso desiragarria» dela. Hau da, premiazko mailegu-lerroa. Maileguak jasotzeko edo bermeak eskaintzeko erabil dezake. «Dirua erakusteko baina ez erabiltzeko balio dezake», zehaztu zuen Honohanek.
Irlandako Banku Zentraleko presidentearentzat, erreskatea edo laguntza onartzea ez da kezkagarria, eta ez du eragin behar sekulako aldaketa herrialdean. Haren iritziz, nahikoak dira gobernuak defizita murrizteko hartu dituen neurriak eta datorren astean aurkeztuko duen plana.
Laguntza plana finantza sektorean oinarrituko da. Irlandak sektorea berregituratu behar du. Dena den, aintzat hartu behar da gobernuak banku nagusiak nazionalizatu egin dituela eta bankuen arazoak bere arazo bihurtu dituela. Beraz, laguntza estatuarentzat ere izango da.
Horrez gain, 2011ko aurrekontuak eta defizit publikoa murrizteko plana aztertuko dituzte. Gobernuak defizit publikoa %3ra gutxitu nahi du 2014. urtean. Datorren astean aurkeztuko du, zenbait atzerapenen ostean.
Zergak eta burujabetza
Irlandako Gobernuak ez ditu zergak ukitu nahi. Ez, behintzat, sozietate zerga, %12,5ekoa, Europa mendebaldeko apalena, bere goraldiaren giltzetako bat.
Hala ere, Olli Rehn Ekonomia eta Finantza Gaietako komisarioak ohartarazi die Dublingo negoziazioetan ez dutela bankuei buruz bakarrik hitz egingo, baita zerga politikari buruz ere. Rehnek duela aste batzuk esan zuen krisiaren ostean Irlanda ez dela izango zerga apalak dituen herrialdea.
Burujabetzari eustea funtsezkoa da Irlandako Gobernuarentzat. Bai, behintzat, herritarrei begira egindako adierazpenetan. «Hau ez da burujabetza galtzea», nabarmendu zuen, badaezpada, Cowenek. Laguntza onartzekotan, gobernuak onartuko duela esan zuen. «Guk erabakiko dugu gure etorkizuna».
Patrick Honohan Irlandako Banku Zentraleko gobernadorearen zintzotasunak berotasuna kendu zien Cowenen adierazpen abertzale sutsuei. Honohanek onartu zuen EBZk eta NDFk ez zituztela talde handiak bidaliko Dublinera benetan pentsatu izan balute ez dela plan bat onartuko.
Zorraren merkatuak pixka bat lasaitu dira. Irlandaren hamar urterako bonoen interesak herenegungo %8,3tik %8,1era jaitsi ziren atzo. Europako Batasuneko herrialdeen eta NDFren laguntza onartuz gero, %5eko interesa ordaindu beharko du.
Espainiak Irlandak baino gehiago nabaritu du zor merkatuak apur bat lasaitu direla. 2.586 milioi euroko zorra saldu zuen 2020an itzultzeko eta 1.068 milioi eurokoa 30 urtean bueltatzeko. %4,632ko eta %5,498ko interesean saldu zituen, hurrenez hurren, irailean baino puntu erdi inguru garestiago.
Jean-Claude Trichet EBZko presidentea urrunago begiratzen ari da. «Arriskua dago krisi garaian beharrezkoak diren neurriek mendekotasuna sortzeko egoera bere onera itzultzen denean», esan zuen atzo.
Greziak 5.000 milioi euro gehiago behar ditu agindutako helburuak betetzeko
Greziak 2011n gehiago estutu beharko du gerrikoa edo diru gehiago lortu beharko du. Aurten ez ditu egin laguntzaren truke (110.000 milioi euro) Europako Batasunari eta NDFri agindutako etxeko lanak, eta 2011n defizita 5.000 milioi euro gehiago murrizteko neurriak hartu beharko ditu: balio erantsiaren gaineko zerga %11tik %13ra igo, pentsioak izoztu, enpresa publikoak saldu eta gastu publikoa txikitu, tartean osasun zerbitzuetakoa. Atzo aurkeztu zuen datorren urterako aurrekontua.Berez, BPGaren %8ko defizit publikoa agindu zuen aurten; BPGaren %9,4koa espero du, ordea. Datorren urtean, %7,4ra gutxitu behar du. Gobernuaren esanetan, hartutako neurriek zerga bilketa gutxitu dute, eta atzeraldia uste baino gogorragoa izan da. Eta herrialdearen defizita esandakoa baino handiagoa zela jakin da.