Dick Roche Irlandako Gobernuko Atzerri ministroak Europako Batasunari lasaitasuna izateko eskatu dio, "panikorik" ez izateko, eta ez duela behar Bruselaren edo Nazioarteko Diru Funtsaren laguntza ekonomikorik. "Hurrengo urtearen erdialdera arteko behar ekonomikoei aurre egiteko adina badugu. Zurrumurruek eta espekulazioek ez dute laguntzen".
Aurretik, Jean Claude Juncker Eurotaldeko presidente eta Luxemburgoko lehen ministroak adierazi du eurogunearen egonkortasuna arriskuan dagoela Irlandako krisia beste herrialde batzuetara zabaldu litekeelako. "Buruan izan behar dugu hori uneoro", esan du sei-hilabeteko honetan Eurotaldeko presidente denak. Portugalgo Gobernuak ukatu egin duen arren, Irlandaz gain herrialde hori da arrisku handien piztu duena.
Irlandako Gobernuaren lau urteko planaren arabera -datorren astean aurkeztuko du-, urtero 15.000 milioi euro aurreztuko ditu eta 2014an bere defizita %3ra jaitsiko du -orain %32koa du-. 2011n, adibidez, aurrekontuetan 6.000 milioi aurreztuko ditu murrizketak eginda.
Euroa segurua dela esan arren, azken asteetan 1,36 eta 1,40 dolarretan arinegi ari dela mugitzen gaineratu du Junckerrek, "batzuetan oinarrizko datuak isladatuz eta besteetan finantza merkatuetan dagoen urduritasuna jasoz". Irlanda Europako Batasunari laguntza eskatzen badio, emango diotela adierazi du gainera, baina gehiago ere esan du: "Irlandarrek badakite ez de Irlanda bakarrik. Uste dut kontua Irlandaren pista bakarrik ez, gehiago jarraituz aztertu behar dugula. Hori guztiek dakite", gaineratu du.
Euroguneko Ekonomia ministroen bilera arratsaldean
Hain zuzen, Irlanda eta Portugalen zor publikoaren krisia aztertzeko Euroguneko hamasei Ekonomia ministroak Bruselan bildu dira gaur arratsaldean -bostetatik daude batzartuta-. Herrialde horiei eman beharreko laguntzaz ari dira. Irlandak, ordea, ez du oraindik laguntzarik eskatu, nahiz eta Europako Batasuna eta Europako Banku Zentrala presioa egiten ari zaizkion. Europako Batzordeak 750.000 milioi euroko poltsa bat du laguntzetarako, eta Irlandak 60.000 milioi jaso ahal izango lituzke, eskatuz gero.
Erreskaterako poltsa hori maiatzean sortu zen Nazioarteko Diru Funtsaren babesarekin, Euroguneko herrialderen bat ordaintzeen etetea agintzen duenerako. Udaberrian Greziari hiru urtean 110.000 milioi euro ematea erabaki zuten Euroguneko hamasei herrialdeek, eta krisi horren ondorioz sortu zen poltsa hori. Auzia ez da, ordea, Irlandarekin eta Portugalekin bukatzen, eta Italia eta Espainia ere susmopean daude.
Jose Blanco Espainiako Sustapen ministroak, ordea, jada esan du Irlandaren eta Espainiaren egoerak ezin direla alderatu, eta Espainiak Europako Batasunaren laguntza beharko duenik ukatu du. "Pixkanaka konfiantzaren faltaren eta zalantzen borroka irabazten ari gara", esan du gaur goizean.
EKONOMIA
Irlandak Europari esan dio ez duela laguntzarik behar eta "panikorik" ez izateko
Irlandako krisia beste herrialde batzuetara zabaldu litekeelako eurogunearen egonkortasuna arriskuan dagoela adierazi du Luxemburgoko lehen ministroak. Europako hamasei Ekonomia ministroak bilduta daude gaur arratsaldean, Irlanda eta Portugalen zor publikoaren krisia aztertzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu