Aurrekontuak -murrizketak eta zerga igoerak, funtsean- onartzea ezinbesteko baldintza da EBren eta NDFren laguntza jasotzeko. Eta, laguntzarik ezean, herrialdearen egoera are gehiago okertuko litzateke.
Gobernuak 6.000 milioi euro aurreztu nahi ditu 2011n, baina berez lau urteko plan bat du, 10.000 milioi euro aurrezteko eta zergen bidez 5.000 milioi euro gehiago jasotzeko.
Lerro horiek idazteko orduan oraindik ez zuten aurrekontua bozkatu, baina gobernuko alderdi nagusiak, Fianna Failek, berdeen eta bi diputatu independenteren babes publikoa jaso zuen. Beraz, justu bada ere, aurrekontua onartzeko beharrezko gehiengoa zuen.
«Guztiek ordainduko dute, baina gehiago ordain dezaketenek gehiago», esan zuen David Lenihan Irlandako Ekonomia ministroak, aurrekontuak aurkeztean. Beharko. Irlandako sektore publikoko soldatak ikusi besterik ez dago. Presidenteak, Brian Cowenek, 228.000 euro irabazten ditu urtean. Europako agintarien artean gehien kobratzen dutenetakoa da. Dublingo aireportuko buruak eta Irlandako Posta Zerbitzuko buruak presidentearen bikoitza kobratzen dute. Eta Irlandako argindar konpainiako (ESB) kontseilari ordezkariak, Padraig McManusek, presidenteak halako hiru. ESBk eraiki zuen Boroako zentrala (Zornotza, Bizkaia)eta berea da zentralaren erdia.
Baina presidentearen, ministroen eta goi karguen soldata jaitsieratik harago, gizarte zerbitzuen murrizketek eta zerga igoerak herritar arruntei eragiten diete batez ere. Oposizioak haserre erantzun zien Brian Lenihan Finantza ministroaren azalpenei. EBren, NDFren eta Europako Banku Zentralaren «txotxongiloa» baino ez direla esan zien Michael Noonan Fine Gael alderdiko finantza bozeramaileak. «Hondamendia» eragin zutenak onik aterako diren arren faktura herritarrek ordainduko dutela Joan Burton laboristak.
Europako Batasuneko (EB) finantza ministroek atzo onartu zuten Irlandaren erreskate plana, Irlandak aurrekontuak onartzeko zain. Erreskatea 85.000 milioi eurokoa izango da. Greziaren 110.000 milioi euroen azpitik. 50.000 gobernuaren diru premiak asetzeko izango dira; gainerako 35.000 milioi euroak bankuentzat.
%5,8ko interesa
Baina laguntza ez da doan. Ezta gutxiago ere: %5,8ko interesa ordaindu beharko du. Zor merkatuetara diru bila joanez gero ordaindu behar duena baino gutxiago, baina herrialde gehienek ordaintzen dutena baino gehiago. Zazpi urte eta erdiko epea du dirua bueltatzeko.
Urte gogorrak izango dira Irlandarentzat. Defizita barne produktu gordinaren (BPG) %32tik %3ra jaitsi behar du lau urtean. EBk urtebete gehiago eman dio helburua lortzeko.
Irlandak gurutze bidea onartu zuen atzo. Greziak duela zenbait hilabete egin zuen. Dominique Strauss-Kahn NDFko zuzendari exekutiboa Atenasen izan zen atzo, Greziako Gobernuko ordezkariekin biltzeko eta defizita murrizteko ahaleginen emaitzak aztertzeko. Strauss-Kahnek Greziaren ahalegina txalotu zuen, baina ez zien animo handirik eman, krisiaren okerrena oraindik ez dela pasatu esan baitzien.
Berez, Greziak 2015erako bueltatu behar zuen utzitako dirua, baina ez du lortuko. Epea 2024ra arte luzatzea nahi du, eta NDF prest dago.
Irlandako neurriak
MURRIZKETAKKargu publikoen soldatak: 250.000 euro irabaziko dituzte, gehienez.
Gizarte laguntzak: Batez beste %4 gutxiago jasoko dute. Ezinduek %8 gutxiago.
Pentsioak: Izoztu egin dituzte, eta zenbait kenkari kendu. Funtzionarioen pentsioak %4 txikituko dituzte.
Seme-alabak: Hilean hamar euro gutxiago jasoko dituzte seme-alaba bakoitzarengatik.
Gutxieneko soldata: Orduko 7,65 euro jasoko dituzte, orain arte baino euro bat gutxiago.
Funtzionarioak: Ia 25.000 funtzionario kaleratuko dituzte. Berriek %10 gutxiago kobratuko dute.
ZERGAK
Zergetako kenkariak: %10 murriztuko dituzte.
Salbuetsiak: Orain arte ez zuten zergarik ordaintzen urtean 18.300 euro baino gutxiago irabazten zutenek. Muga hori 15.300 eurora jaitsi dute, eta jende gehiagok ordainduko du.
Kenkariak: Zenbait kenkari kenduta, gehienek %5 inguru gehiago ordainduko dute.
Erregaiak: Gasolina lau zentimo eta gasolioa bi zentimo garestitu dituzte, zergen bidez.