Ordubete baino ez zuen iraun Irlandaren erreskatea finantzatzeko asmoz Europako Batasunak egindako lehen bonu jaulkipenak. Eskaerak eskaintza nabarmen gainditu zuen, eta 5.000 milioi euroko zorra arazorik gabe saldu ahal izan zuen EBk.
«Jaulkipen arrakastatsua izan da, eta merkatuek EBren kalifikazio onari egindako aitortza da. Hori dela eta, etorkizuneko jaulkipenak ere arazorik gabe beteko direla espero dugu», azaldu zuen Amelia Torres EBko bozeramaileak. Inbertsiogileen artean ikusmina piztu zuen bonuen salmentak, eta eskaera «eskaintzaren halako hiru» izan zen.
Bost urteko epea du saldutako zorrak. Eurotan egin da, eta aldez aurretik AAA kalifikazioonena emana zioten nazioarteko hiru rating agentzia nagusiek: Fitch, Moody's eta Standard & Poor's.
EBko bozeramaileak ez zuen argitu zenbateko prezioa ordainduko duen Bruselak bonuen truke. Enkantearen aurretik interes tasa %2,5 inguru izango zela espero zuten adituek, Alemaniako bonua baino zazpi hamarren garestiago, baina Espainia, Italia edo Portugalgo zorra baino nabarmen merkeago.
Euroguneko erreskate sistema konplexuak hiru adar ditu, bakoitzak berme jakin batekin. Lehenik eta behin, Finantza Egonkortzeko Europako Mekanismoa dago, EBko aurrekontuak bermatzen duena. Atzo saldutako bonuak horren baitan sortu ziren. Bigarrenik, Finantza Egonkortzeko Europako Funtsa dago, herrialdeen bermea duena, eta azkenik, Nazioarteko Diru Funtsaren ekarpen ekonomikoa.
Urtea amaitu arte beste lauzpabost jaulkipen egitea espero du Bruselak, Finantza Egonkortzeko Europako Mekanismoaren bidez. Bakoitzak 3.000 eta 5.000 milioi euro bitarteko balioa izango du, eta gutxienez hiru urte erdia igaro baino lehen martxan jarriko dira. Bide horretatik 2011. urtearen joanean Irlanda finantzatzeko 17.600 milioi euro lortu nahi ditu EBk. 2012an, berriz, beste 4.900 milioi euro eskuratu nahi ditu. Europako Finantza Egonkortzeko Funtsak beste bonu salmenta bat egin nahi du urtarrileko azken astean. Atzokoaren antzeko ezaugarriak izango ditu. Hiru jaulkipen egingo ditu aurten funtsak, 16.500 milioi euro biltzeko. 2012an 10.000 milioi lortu nahi ditu.
Portugalentzat, garestiago
EBko bonuen salmentaren ondorioak zeintzuk izango diren ez dago garbi. Alde batetik, Euroaren etorkizunari buruz merkatuek dituzten zalantzak uxatzen lagundu dezakete. Bestetik, gobernuek eurek saldu behar duten zor publikoaren lehian sartuko da, eta finantzazioa zailtzea ezin da baztertu.
Urte berriarekin kapital merkatuen tenperatura neurtu duen lehen herrialdea Portugal izan da, eta ez zaio merke atera. Sei hilabeterako 500 milioi euro salgai jarri zituen atzo gobernuak, eta interes tasa oso altuak ordaindu beharko ditu. Bonuen truke %3,68ko interesa eman du. Joan den irailean %2,04 ordaindu zuen, eta orain dela urtebete, %0,59 baino ez. Eskaera, hala ere, nahiko indartsua izan zen.
Irlandaren salbamendua ordaintzeko lehen bonuak arazorik gabe saldu dira
5.000 milioi euroko zorra saldu du EBk, eta eskaera «eskaintzaren halako hiru» izan dela ziurtatu du Bruselak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu