"Gutxienez" irailaren 15era bitartean greban jarraitzeko asmo irmoa erakutsi dute gaur Irungo eta Urnietako (Gipuzkoa) Ibilgailueen Azterketa Teknikoetako (IAT) langileek. Ohar batean jakinarazi dutenez, greba hasi zutenetik zerbitzua kudeatzen duen Tuv Rheinland enpresa ez da langileekin harremanetan jarri, eta uztailaren 24an Precon deitutako bilerara ere ez agertu izan leporatu diote. Bilera horretara abokatu bat bidali zuela adierazi dute langileek, "gatazka konpon dezakeen inolako akordiorik bilatzen ez duela esateko". 2011ko abenduan geratu zen epez kanpo langile horien lan hitzarmena, eta horren berritzea eskatzen ari dira protesten bidez.
Irungo eta Urnietako IAT zerbitzuak itxita egonagatik, batez ere, Nafarroako iparraldeko IATak "gainezka" daudela salatu dute langileek. Langileek euren "lan baldintzat arautuko dituen hitzarmena berritzeko bermea" dutenean lanera itzuliko direla jakinarazi dute, eta euren arrangura adierazi dute, "erabiltzaileei eragindako kalteengatik".
Eusko Jaurlaritzako Industria Sailari eskatu dio gaian esku hartzeko, kontzesio publiko batengatik kudeatzen baititu Tuv Rheinland enpresak Irungo eta Urnietako IATak.