Aste Santuan zortzi eguneko lanuztea egingo dute Urnietako eta Irungo IAT Ibilgailuen Azterketa Teknikoko zerbitzuetako langileek. Hala iragarri zuten, TUV Rheinland Iberica SA enpresarekiko negoziazioek etenda jarraitzen dutela ikusi ostean. Hilaren 25ean ekin zioten lanuzteari, eta atzo arte egin zuten. Datorren astean beste bost egunez etengo dute lanaldia, apirilaren 6a arte. Zortzi egun horiekin, guztira, 56 eguneko greba aurreikusten dute bi egoitzetako langile batzordeko kideek. "Enpresaren jarrera ikusteko zain egongo gara; ez bada mugitzen eta ez badu bere aldetik ezer ematen, aurrera jarraituko dugu, eta ikusten badugu enpresak asmo ona duela eta biltzeko proposamena egiten duela, ikusiko dugu zer egin gainerako egun horiekin", azaldu du Jesus Etxart langile batzordeko kideak.
2009an hasi zen hitzarmenaren gatazka: "Orduan hitzarmena sinatzea nahi genuen, eta, sei hilabeteko lanuztearen ondoren, lortu genuen azkenean. Enpresak bi aldeentzako oso akordio ona zela saldu zigun. Orain, luzatzea baino ez dugu eskatzen, baina enpresak ez du nahi. Ez dugu ulertzen zein den arazoa".
Urteak daramatzate egoera horretan, eta ez dakite "zer gehiago egin". Denetik egiten saiatu direla azpimarratu du Etxartek: "Orain arte greba egun batzuk egin ditugu, baina enpresak ez du aurrerapausorik eman: ez gaitu bilerara deitu, ez ezer. Egoera horretan oso eroso zegoen enpresa, eta, horregatik, Aste Santuko bi asteetan greba egitea adostu dugu. Azken bi aste hauek lanean eman ditugu, egun guztian oso gogor lan eginez, baina, ikusi dugunez, horrek ere ez du eraginik izan". Horregatik, greba egitea erabaki dute.
Hamalau hilabete igaro dira hitzarmena amaitu zenetik, eta oraindik borrokan jarraitzen dute. "Akordio bat egitea guretzat oso erraza da; lehengo hitzarmena luzatzea baino ez da, baina puntu batzuetan ez daude ados, eta zuzenean horiek ezerezean uztea nahi dute. Botere guztiarekin lan egin nahi dute, goitik behera zuzenean aginduak emanez eta ezer kontsultatu gabe. Guk defendatzen duguna da nagusiek guri kontsultatzea eta denon artean erabakitzea, baina eurek egoera maneiatu nahi dute, langileen iritzia aintzat hartu gabe", dio Etxartek.
Gatazka honen barruan, epaitegietatik ere pasatu behar izan dute. Enpresari hitzarmena ez errespetatzea eta langileen eskubideak urratzea egotzita, epaitegira joan ziren lau bider. "Guztiak irabazi ditugu. Enpresak lehen ere ez zuen sinatutako hitzarmena errespetatzen. Eta arrazoia eman diguten arren, ez da ezer aldatu".
Oraingoz zerbitzuaren adjudikazioa TUV Rheinland enpresak duen arren, uztailetik aurrera, hitzarmenik ez duten enpresak bere esku hartuko ditu berriro ere Eusko Jaurlaritzak, beste enpresa batzuei adjudikatzeko. "Eta uste dugu horren zain daudela. Izan ere, beti dute arrazoiren bat behin eta berriz akordioa atzera botatzeko. Gu hitz egiteko prest gaude, baina alde bakarreko ahalegina da".
Langileek ez ezik, grebaren kalterik handienak zerbitzuaren erabiltzaileek pairatu dituzte. Urnietako eta Irungo IAT zerbitzuak greban direla, erabiltzaileek Bergarara, Arbizura, Doneztebera eta Nafarroako beste IAT lantegietara jo besterik ez dute. "Enpresari ez dio kalterik egiten, Arbizuko zerbitzua ere eurena delako. Alde batetik edo bestetik egiten dute negozioa, baina txarrena erabiltzaileek jasaten dute. Askori isunak ere ipini dizkiete Nafarroan, IATa iraungia zutelako". Halere, jendearen partetik jasotako laguntza eta babesa eskertu dute: "Erakutsi digute gure egoera ulertzen dutela, eta beti ematen dizkigute animoak. Jendearen aldetik erantzun oso ona jaso dugu".
Inplikazio eske Donostian
Zortzi eguneko lanuztearen harira, mobilizazioak ere egin zituzten Urnietako eta Irungo langileek. Donostiako Lan Ikuskaritzaren egoitzaren atarian bildu ziren herenegun, pankartak eskuan hartuta, 10:30etik 12:00etara bitartean. "Uste dugu Lan Ikuskaritzakoek ere zerbait esan beharko luketela egoera honen inguruan, eta horixe aldarrikatu genuen".
Gainontzeko greba egunetan herriz herri auto karabana bat egitea ere pentsatu dute, inguruko herritarrek zein egoeratan dauden jakin dezaten. Aurrera begira, langileek hitzarmen duin bat lortzeko lanean jarraituko dute: "Guk morala ez dugu inoiz galdu, eta langileon aldeko hitzarmena lortzeko ahaleginak egiten jarraituko dugu. Gure etorkizuna dago jokoan, eta bi aldeek hitzarmena sinatzeko esperantza dugu", azpimarratu du Etxartek.