Mugarik ez den edo baden, hasteko, laster jakin dezake sakelako telefonoa eskuetan duenak; Ipar Euskal Herritik Hego Euskal Herrira pasatzean, pantailan agertzen zaion Frantziako konpainiaren izena desagertuko zaiola eta Espainiako batena agertuko. Bouygues, Orange edo SFR izatetik Telefonica edo Vodafonera pasatzen da. Alderantzizko bidea eginez gero, berdin-berdin.
Zerbitzu hori ez da dohainik, haatik. Biziki garesti ordaintzen da. Ipar edo Hego, Frantzia eta Espainiaren artekoak dei soilak balira bezala dira kontuan hartuak. Suedia, Alemania, Grezia edota EBko edozein herrietara deitzea balitz bezala. Demagun Ipar Euskal Herriko eskuko telefono batetik Hego Euskal Herrira deitzen dela. Minutua banaz beste 0,5 euro ordaindu beharko da, konpainia guztiek prezio berdintsuak dituzte. Hegoaldeko sakelako batetik Iparraldera deitzeko,minutuko 0,12 eta 0,44 euro artean kobratzen dute Movistarrek eta Vodafonek. Euskaltelekin, 0,15 eta 0,80 euro artekoa da prezioa. Deia jasotzen duenak ere ordaintzen du: tokiko dei baten prezioa, alegia. Eta zer erranik ez, eskuko telefonoarekin muga pasatu eta deitzen hasten bada. Hegoaldeko telefonoarekin Iparraldean dagoenak Hegoaldera deituz, 0,80 eurotik 1,25 eurora pagatuko du minutua Movistar edo Vodafonekin. Euskaltelekin, txartela baduzu 1,10 euro minutuko, eta 0,70 kontratu izanez gero. Iparraldekoak Hegoaldetik deitzen badu, euro bat, edozein konpainiarekin. Kontratutik kanpo daude dei horiek, gainera.Dei bat jasotzeak ere kostua du Iparraldean, eta deitzen duenak du ordaintzen parte bat. Hots, askok muga pasatu eta mugikorra itzaltzea nahiago izaten dute.
Salaketa guti
Sakelako telefonoarekin hainbat inkesta egiten badituzte ere, kasu honetaz ez direla behin ere interesatu onartzen du Baionako Que Choisir (Zer hauta) elkarteko jurista Nicolas Aroztegik: «Zoritxarrez, horrelako inkestak Paristik dituzte egiten. Gu adarra baizik ez gara, eta haientzat ez da interesgarria». Alta, juristak berak erranik: «Baionatik Lillera deitzea Irunera deitzea baino merkeagoa da, kilometroen aldetik eta baita kulturalki Irundik hurbilago garelarik. Baina hori onartzeko zailtasunak dituzte».
Alta, konpainiek kontratuak dituzte haien artean. Askotan, gainera, konpainia bera dago munduan zehar hedatua. Uztailaren 27an Orangek Amena erosi zuen, adibidez. «Zergatik ez, beraz, merkatu bakarra? Globalizatzen ari dira, baina soilik haiek nahi duten heinean», gehitu zuen juristak. Elkarteak kexu guti jaso ditu alde batetik besterako deiekin lotuak. Bakar horiek mugan bizitzeagatik izan dira. Hendaian bizi eta automatikoki Espainiako operadore baten sarera egokitu zitzaien telefonoa. Egoera hobetu omen da geroztik. Arnegin (Baxenabarre), berdin. Espainiako konpainiak baizik ez die hartzen telefonoa. Baina han ez da aldatzen. Anartean, internetek ekartzen die mugaz gaindiko harremanak dituztenei erantzun egokia. Programa ezberdin zenbait existitzen dira (Skype, esaterako), ordenagailua telefonoa balitz bezala erabiltzeko. Sakelekotik erabil daiteke, gainera; Frantzian, urteko 30 euroren truke. Deia tokiko dei baten prezioan ordaintzen da. Sakelakotik aritzeko sistema merkerik ez dago Hegoaldean.
SAKELEKO TELEFONOAK
Irundik Hendaiarako deiak, Laponiarakoen prezioan
EBko edozein herriren arteko deiak balira bezala finkatzen dituzte tarifak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu