Nafarroako Gobernua krisi garaia gizarte prestazioak behin betiko murrizteko baliatzen ari dela salatu du ELAk. Sindikatuaren arabera, Gizarteratzeko Errentaren Lege berriaren helburua gizarte gastua gutxitzea da, hartutako erabakiek herritar pobreenengan izango duten ondorioak aintzat hartu gabe.
Nafarroako Gobernuak abenduaren 23an onartu zuen Gizarteratzeko Errentaren Legearen proiektua. Diru sarrerarik gabe geratu direnentzat edo oso irabazi apalak dituztenentzat sortutako Oinarrizko Errenta zena ordezkatuko du Gizarteratzeko Errentak. Izen aldaketa «neurri bidegabeak ezkutatzeko» modu bat dela ziurtatu du ELAk, txosten baten bidez. Izan ere, arau berriak txikitu egingo ditu banatutako laguntzak, zailagoa egingo du dirua jasotzea, jasotzeko epeak mugatuko ditu eta, lehen aldiz, isunak ezarriko dizkie araua hausten dutenei.
ELAk ziurtatu duenez, lege berriarekin «UPNk eta PSNk jauzi kualitatiboa egin dute beren politika kapitalistan», haren iritziz «pobrezia hedatzea» erabaki dutelako, dagoen aberastasuna banatu beharrean. «Herritarrek behar handiagoak dituzten garai honetan, gobernuak murrizketekin erantzun du». ELAk uste du erabaki politikoa dela. «Eta Nafarroako Gobernuak murrizteko erabakia hartu duenean, badaki horren ondorioz handituko direla langabezia, prekarietatea eta txirotasuna eta pertsona askoren bizi-baldintzak okertuko dituela». ELAk nabarmendu duenez, errenta jasotzen dutenek ez dute krisia sortu, eta haien diru sarrerak mugatzeak ez du krisia konponduko.
4.439 eskaera erantzun gabe
2011ko irailaren 30ean 7.239 familia unitatek jasotzen zuten oinarrizko errenta. Ia-ia 17.000 lagunek. Urte amaieran kopurua asko handituko dela uste du ELAk, Gizarte Ongizate Sailak lau hilabete behar izaten baititu laguntza eskaerei erantzuteko. Uneotan, 4.439 eskaera ditu erantzuteke, urte osoan egin zaizkionen %40.
2002an gizarte laguntza horiek ezarri zirenetik kopurua ia-ia urtero handitzen aritu da. Krisiarekin, jasotzaileen kopurua hirukoiztu egin da: 2.483 familia ziren 2007an, eta 7.449 2010 amaieran.
Kopuruak gora egiteak halabeharrez ekarri du gizarte laguntzetan egindako gastua handitzea. 2002an 4,8 milioi izan ziren, Nafarroako Gobernuaren aurrekontuaren %0,19. 2011ko irailera arte, 36.700 milioi gastatu dituzte, hots, aurrekontuaren %0,95. ELAren arabera, «kopuru hori huskeria da, alderatzen badugu Nafarroako Erresuma Arena kostatzen ari den 60 milioiekin, edo 2012anAHTarentzat aurreikusita dauden 134 milioiekin».
Iruñeko gobernuak pobrezia hedatzen duela uste du ELAk
Gizarteratze Errentaren lege berriaren helburua gastua murriztea dela salatu du, ondorioei erreparatu gabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu