Iruñeko VWek 13,22 milioi irabazi zituen iaz, 2008an baino %73 gutxiago

2009. urtea amaitzean 4.844 langile zituen Landabengo fabrikak, aurrekoan baino %25 gehiago

Erredakzioa
Iruñea
2010eko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Gobernuek autoak erosteko eman dituzten laguntzei esker krisi garaian salmentei eustealortu dute auto ekoizleek, eta horrek eragina izan du fabriken emaitzetan ere. Atzo zabaldu zutenez, Volkswagenek Iruñeko Landaben industrialdean duen lantegiak 13,22 milioi euroko etekina izan zuen joan den urtean.

Irabazia aurreko urtekoa baino nabarmen txikiagoa da -%73-, eta, enpresaren arabera, Polo modelo berria merkaturatzearekin zerikusia du. Izan ere, makinak eta instalazioak modelo berrira egokitu behar izan dituzte. Guztira, 88,8 milioi euro inbertitu ditu VWek Landabenen.

Kotxe berriak harrera ona izan duela dio enpresak, eta gutxienez hiru sari jaso dituela gogorarazi du. Horien artean dago 2010. urteko Europako auto onenaren saria. Autoei buruzko aldizkariek ematen duten saria da.

Landabengo kateetatik irtendako 243.499 Polo saldu ziren iaz. «Oso kopuru handia da, kontuan hartuta egoera ekonomikoa zaila dela eta modelo berria aurten atera dela». Salmenta horiei esker, Landaben izan da enplegua murriztu behar izan ez duen inguruko fabrika bakarrenetakoa. Kontrara, enpresak dio urtearen amaieran 4.844 langile zituela, urtebete aurretik baino %25 gehiago.

Salmenta handiek ez dute eragotzi diru sarrerak %2 jaitsi izana, 2.168,43 milioi eurora arte. Horietatik, %92 dagozkio autoen salmentari eta gainontzekoa osagaien salmentari. Irabaziak 13,22 milioikoak izan direnez, auto bakoitzaren errentagarritasuna %1etik behera geratu da.

VWek nabarmendu duenez, bere ekarpenari esker, Nafarroa Espainia baino lehenago irten da atzeralditik.

Seatek 187 milioi galdu ditu

Landabenek baino emaitza okerragoak eman ditu Kataluniako Martorellek. Han fabrikatzen dira Seaten modelo guztiak, eta VW taldeko marka 187 milioi euro galdu zituen iaz. 2008an 44 milioi irabazi zituen. Guztira, 337.000 ibilgailu saldu zituen iaz Seatek, aurreko urtean baino %8,5 gutxiago. Fakturazioa, berriz, %15 gutxitu zen, salmentei eusteko prezioak jaitsi behar izan zituztelako. Espainiako merkatuaren oso menpekoa da Seat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.