Irungo eta Urnietako IATeko langileen lanuzteak 20.000 gidariri eragin die dagoeneko

Duela hilabete hasi zuten greba, zuzendaritzak ez dituelako langile guztien baldintzak parekatu nahi

Donostia
2010eko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Hilabete da Ibilgailuen Azterketa Teknikoa egiteko Irunen eta Urnietan dauden guneetako langileek lanuztea hasi zutela. Milaka dira protestaldiaren ondorioak jasaten ari diren gidariak, urrunagoko azterketa lekuetara joan behar izan dutelako isunen beldurrez. Enpresak emandako datuen arabera, egunean 700 ibilgailu inguru aztertzen dituzte Irunen eta Urnietan. Kontuan hartuz gero 28 lan egun daramatzatela itxita, dagoeneko 19.600 dira kaltetutako gidariak. Bien bitartean, langileen eta zuzendaritzaren arteko negoziazioek apenas egin duten aurrera.

Denera 64 lagunek lan egiten dute bi guneetan, 33k Irunen eta 31k Urnieta. Guztien lan baldintzak parekatzea eskatzen diote zuzendaritzari, bi guneak Alemaniako TUV Rheinland taldeak kudeatzen dituen arren, bateko zein besteko langileen soldatak, esaterako, ez direlako berdinak. Horrez gain, Urnietako lan taldea handitzea ere nahi dute, deitu eta gutxienez hamabost egunera ematen baitute azterketarako ordua, ohikoa egun batetik bestera ematea litzatekeenean.

Pareko lan baldintzak lortzeko borroka duela hiru urte hasi zuten langileek. Behin eta berriz saiatu izan dira zuzendaritzarekin akordioren batera iristen. Baina, joan den urrian erabat gaiztotu ziren negoziazioak, eta protesta ekimenei heldu zieten langileek. Ordu batzuetako geldialdiekin hasi ziren aurrena, egun osoko hiru lanuzte egin zituzten gero, eta azkenean, abenduaren 9an, lanuzte mugagabeari ekin zioten. Ordutik bi bider eseri dira elkarrekin, abenduaren 10ean eta 29an, baina alferrik.

Herenegun, Eusko Jaurlaritzako zenbait ordezkarirekin bildu zen langileen batzordea, enpresa negoziatzera behartu zezatela eskatzeko. Izan ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako IAT guneak berez Eusko Jaurlaritzako Industria Sailarenak dira, gero hark haien kudeaketa beste enpresa batzuei ematen badie ere. Dena dela, enpresa batzordeak ez zuen lortu Jaurlaritzako ordezkarien laguntzarik, lan gatazka bat izanik hori konpontzea eurei ez dagokiela arrazoituta. Berriz ere zuzendaritzarekin hitz egiten saiatuko direla aurreratu dute langileek.

Zerbait hitzartzen duten bitartean, oraindik ere beste azterketa enpresa batzuetara joan beharko dute gidariek. Gipuzkoan, Bergarakoa bakarrik dago zabalik, hura beste enpresa batek kudeatzen baitu, eta azken hilabetean lanez gainezka dabiltza, hamar eguneko itxarote zerrendarekin. Araba, Bizkai eta Nafarroako azterketa guneetara jo dute, berriz, beste gidari batzuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.