Ekonomia

Irungo kamioi bat, Europa gas natural likidoarekin zeharkatzen lehena

Gas natural likidoa erabiliz, lehen aldiz Madril-Hanburgo ibilbidea egingo du Irungo Transordizia enpresako kamioi batek.

Arantza Tapia sailburua Transordiziako ordezkariekin, gaurko aurkezpenean. TRANSORDIZIA
2016ko uztailaren 4a
09:26
Entzun

1989. urtean sortutako Irungo Transordizia enpresak gas natural likidoa (GNL) erabiliko duen kamioi bat sortu du, eta erregai horrekin Europa zeharkatzen duen lehen enpresa bihurtuko da. Distantzia laburreko proba ibilaldiak egin ditu, eta oraingoa izango da Europa zeharkatuko duen lehena, Madril-Hanburgo ibilaldia eginaz. Duela hiru urte hasi zen helburu hori betetzeko lanak egiten, eta zenbait oztopo izan ditu horretarako, hala nola kamioien deposituen tamaina. Ibilbidea egin ahal izateko, GNL eskaintzen duten hiru gasolindegitan egingo du geldialdia kamioiak: Madrilen, Olaberrian (Gipuzkoa) eta Anberesen (Flandria). Proiektuaren aurkezpena egin du gaur Transordizia enpresak, eta gaur bertan aterako da kamioia errepidera. 

Etorkizunari begira, Transordizia enpresak kamioien kopurua handitu nahi du: 25 kamioira, hain zuzen. Igoera horrek 2,5 milioi euroko inbertsioa eskatuko du hasieran. Gerora 30-40 lanpostu sortzea aurreikusten dute.

GNLren bidez garraiatuko duten ibilgailuen erabilerari bultzada emateak zenbait arrazoi izan ditu azken urteotan. Horien artean daude gutxiago kutsatzen dutela, diesel erregaiarekin alderatuz %40 merkeagoa dela, eta kostu guztiak kontuan hartuz %10 merkeagoa dela. Gainera, erregai fosil guztien artean gutxien kutsatzen duena da gas natural likidoa, eta, gerora begira, proiekziorik handiena izango duen energia iturria ere bada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.