Krisia

Irungo Tiradores Egoki itxi egingo du eta kalean geratuko dira 200 langile

Orain arte erregulazio espedientea aplikatu eta 120 kaleratuko zituztela uste zuten, baina enpresa erabat ixtea erabaki du azken orduetan zuzendaritzak. Hori salatzeko manifestazioa egin dute Irunen 500 pertsona inguruk. Uztailetik ez dute soldatarik jaso Egokiko langileek.

2008ko urriaren 31
18:19
Entzun
Irungo (Gipuzkoa) Tiradores Egoki enpresa ixtea erabaki du, azkenean, zuzendaritzak. Horrenbestez, 200 langile geratuko dira lanik gabe. Egoera hori salatzeko manifestazioa egin dute gaur eguerdian Irunen 500 bat langilek. Egoki enpresatik abiatu dira eta Udaletxean eman diote amaiera manifestazioari.

Enpresak zailtasunak zituela-eta erregulazio espedientea proposatu zuen aurrena zuzendaritzak, zehazki, 200 langileetatik 120 kaleratzea. Langile batzordeak ez zuen neurri hori onartu, enpresa galbidera lan faltak barik kudeaketa okerrak eraman duela iritzita. Uztailetik soldata kobratu gabe daude Egokiko langileak, eta duela egun batzuetatik greban. Astelehenean bilera egitekoak dira langileen soldataren inguruan hitz egiteko.

Orain, berriz enpresa itxi egingo duela iragarri du zuzendaritzak, eta, beraz, langile guztiak joango direla kalera. Hala ere, borrokatzen jarraituko dutela iragarri dute langileek. Egungo egoera duela 2 urte aurreikus zitekeela-eta, zuzendaritzari erantzukizuna bere gain hartzea eskatu dio Unai Zabaleta ELAko ordezkariak Euskadi Irratian: "Duela 2 urte horrelako egoerak aurreikus zitezkeela ikusita, kalte ordain batzuk planteatu ziren, urteko 45 lanegun ordaintzea. Orain enpresak duen erantzukizunarekin jabetuta, ez gaude prest hori horrela onartzeko. Hori da dugun borroka", azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.