Gipuzkoako Foru Aldundiko Lege Aholkularitzako Batzordeak oniritzia eman dio arrisku bereziko zergadunen errolda sortzeko foru-arau proiektuari. Legelarien txostenaren arabera, errolda hori sortzea «egokia» da zerga iruzurraren kontrako borrokan. Baina «bide onean» doan tresna izan arren, txostenean iragarri dute errolda berriak ez duela iruzur fiskal erabat eragotziko. Diputatuen kontseiluak datorren asteartean onartuko du, eta Batzar Nagusiek berretsi beharko dute gero. 2013rako araua indarrean egotea espero du Xabier Olanok, Ogasuneko foru zuzendariak. Joan den irailean guztira hiru milioi euroko iruzurra atzeman zuen diputazioak Gipuzkoan.
Maiatzean aurkeztu zuen arau proiektua diputazioak, baina oposiziokoek ez zioten harrera onik egin. PSEren ekimenez, Lege Aholkularitzako Batzordearen txostena eskatu zioten Batzar Nagusiek diputazioari. «Maiatzetik denbora asko pasatu da, eta orain presazko prozedura zabaltzeko eskatuko dugu Batzar Nagusietan, errolda tresna eraginkorra izango delako iruzurraren aurkako borrokan», azaldu du Olanok.
Zuzeneko zergen gorakada
Bi iradokizun tekniko egin ditu txostenak, eta arau proiektuan txertatu dituzte biak. «Berme guztiak beteta daude. Onartzea eta iruzurraren kontrako tresna eraginkorra bihurtzea besterik ez da falta. Ez dut uste onarpenerako arazo handirik egongo denik».
Bestalde, Gipuzkoan irailera arteko zerga bilketak iazko urtearekin alderatuta izan duen %2,1eko jatsieraren interpretazioa egin du Olanok. Jaitsiera ez dela «izugarria» nabarmendu du, eta jaitsiera horretan eragin duten lau faktore aipatu ditu: krisi ekonomikoa, kupoaren inguruko desadostasunak, Roverren itzulpena apirilean egin izana eta BEZaren egokitzapena.
Nolanahi ere, adierazle positibo bat nabarmendu du Olanok: zuzeneko zergen bilketan %4,5 egin duela gora Gipuzkoak. Batetik, ondarearen zergak berreskuratzeagatik; bestetik, langileen errenta atxikipenak gorako joera duelako. «Hori ez da gertatzen ez Araban, ez Bizkaian, ez Nafarroan». Lan etekinen atxikipenak %0,7 igo dira iazko datuarekin alderatuta.
Iruzur fiskalaren kontrako errolda onartuko du Gipuzkoan aldundiak
Lege aholkularitza batzordearen onespena jaso du arau proiektuak, eta Batzar Nagusiek berretsi beharko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu