Iruzurgileak soilik sartuko dituzte zergadun arriskutsuen erroldan

Gipuzkoako Foru Aldundiaren zerrendan sartzeak ez du nahitaez kontrol estuagoa eragingo

jakes goikoetxea
Donostia
2012ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Ez da hainbesterako. Gipuzkoako Foru Aldundiaren arrisku bereziko zergadunen erroldak ez du funtsezko aldaketarik eragingo: iruzurren edo irregulartasunen bat egin eta harrapatu dituzten herritarrak eta enpresak sartu ahal izango dituzte zerrendan; egin ez dutenak eta harrapatu ez dituztenak ez. Beraz, ez da urrats automatikoa izango. Gainera, erroldan egoteak ez du esan nahi Ogasun Departamentuak guztiei jarraipen berezia egingo dienik; kasu bakoitza aztertuko dute. Eta erroldatik ateratzeko aukera badago: iruzurrari edo irregulartasunari dagokion zigorra beteta.

Zerga Departamentuak prest dauka erroldari buruzko foru araua. Atzo aurkeztu zuten Itziar Miner Zerga eta Finantza Politikako foru zuzendariak eta Xabier Olano Ogasuneko foru zuzendariak. Errolda «alarma sistema» bat dela zehaztu zuen Minerrek.

Onartzerako iraila izango da. Orain, herritarren eskura dago. Gero, Foru Aldundiko Aholku Batzorde Juridikoaren irizpena jaso beharko du. Batzar Nagusietako Ogasun Batzordeak nahi du foru arau proiektuak irizpen hori izatea, eta Ogasun Departamentuak eskaera onartu du. Ezohiko urratsa da, «gehiegizkoa», Minerren iritziz, inoiz ez baita hala egin eta proiektuak «berme guztiak» baititu.

Onartzekotan, uda ondoren

Aldeko irizpena jasoz gero, Diputatuen Kontseiluak onartuko du eta Batzar Nagusietan eztabaidatuko dute. Baina Batzar Nagusiek oporrak izango dituzte uztailean eta abuztuan, eta onartzekotan, uda eta gero izango da.

Errolda ez da publikoa izango.Departamentuak kudeatuko du eta, eskatuta ere, herritarrei ez die esango barruan dauden. Erroldan sartu ahalko dituzte zerga delituengatik edo irregulartasunengatik inputazioren edo zigorren bat jaso dutenak. Horiez gain, esaterako, baita identifikazio fiskalerako zenbakia ukatu zaienak eta Ogasun Departamenduaren informazio eskaerei hiru aldiz jarraian uko egiten dietenak ere.

Ez dute zehaztu erroldan zenbat pertsona eta enpresa egotea espero duten. Olanok nabarmendu zuen arrazoi objektiboetan oinarrituko dutela, egindako jarduera batzuen ondorioa dela.

Olanoren arabera, zerga ordaintzaile batzuek behin eta berriz egiten dute iruzurra, eta hori saihestu nahi dute. Erroldak helburu «pedagogikoa» ere badu, hau da, «herritarrek jakitea gauzak ondo egiten ez badituzte nonbait jasota geratuko dela jakitea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.