Zergak. Amnistia fiskala

Iruzurgileari saria

Espainiako Gobernuak amnistia fiskala onartu du, zalantzazko neurria, etikoki iruzurgileei mesede egiten dielako eta ekonomikoki amnistia fiskal gehienak ez direlako eraginkorrak.

BERRIA.
jakes goikoetxea
2012ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Espainiako Zerga Agentziak hasi du errenta kanpaina. Guztion ahalegina da kanpainaren leloa. Batzuena beste batzuena baino handiagoa, gehitu beharko luke: alde batetik, proportzioan, lan errentek gainerakoek baino gehiago ordaintzen dutelako eta gehiago zaintzen dituztelako; bestetik, Espainiako Gobernuak iruzurgileentzat amnistia fiskala onartu duelako. Ez dio deitu amnistia fiskala, eta goia jo du eufemismoen erabileran: ez da amnistia fiskala, «aitortu gabeko aktiboak aitortzea sustatzeko behin-behineko programa» baizik.

1. Zer baldintza ditu amnistia fiskalak?

Bi eratako neurriak ditu: alde batetik, zerga iruzurgileek beren egoera araupetu ahal izango dute, iruzur egindako diruaren edo ondasunen %10 bakarrik ordainduta; bestetik, enpresek sozietateen bidez zerga paradisuetan lortutako dirua —dibidenduak eta partaidetzak— Espainiara eraman ahalko dute, %8 bakarrik ordainduta. Lehen neurriarekin Espainiako Gobernuak ezkutuko 25.000 milioi euro azaleratu eta 2.500 milioi euro bildu nahi ditu. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan eta sozietate zergan egindako iruzurrei bakarrik eragingo die. Bigarren neurriarekin 9.375 itzularazi eta 750 milioi euro jaso nahi ditu.

Amnistia fiskala baliatzen dutenei barkatu egingo dizkie zergak, isunak eta zigorrak. Zerga delituak egin badituzte ere, ez dute ardura penalik eta kartzela zigorrik izango. 120.000 euroko zerga iruzurra eginez gero, delitu penala da, eta lau urte arteko kartzela zigorra jaso daiteke. Iruzurgileek azaroaren 30era arte baliatu ahal izango dute amnistia fiskala. Zerga paradisuetan dirua duten enpresek, urtea amaitu arte. Araudia onartzea falta da, xehetasunak jakiteko.

Ezingo dira baliatu amnistia fiskalaz Ogasun Ministerioaren ikerketa prozedura abiatuta daukaten herritarrak edo enpresak.

2. Hego Euskal Herrian aplikatuko al da?

Arabako (PP), Bizkaiko(EAJ) eta Gipuzkoako (Bildu) foru aldundien arabera, ez. Nafarroan, gobernuko bazkideetako batek esan du ezetz: PSNk; besteak, UPNk, aztertu egin behar dela. PSNk dio gobernuan erabakiak aho batez hartzen dituztela eta, bera kontra dagoenez, «ezinezkoa» dela indarrean jartzea; UPNren esanetan, «agerikoa» da ez zaiola neurria gustatzen, baina jakin egin nahi du ea Espainian indarrean jartzeak zenbait nafarrek Espainiako Ogasunari ordaintzea eragingo duen.

Ignacio Zubiri EHUko Ogasun Publikoko katedraduna bat dator erakundeekin: «Ez daukate aplikatu beharrik». Kontzertuak dio EAEko presio fiskalak Espainiakoaren antzekoa izan behar duela eta EAEko neurriek ez dutela distortsionatu behar lehia eta mugikortasuna. «Ezin zaizkio amnistia fiskalari aplikatu», ondorioztatu du Zubirik.

Espainiako Gobernuak zalantzak ditu. Uste du agian Hego Euskal Herrian ere aplikatu beharko dela. «Kasu bakoitza aztertu beharko da», esan dio Miguel Ferre Ogasun idazkariak Expansion egunkariari.

3. Zenbatekoa da zerga iruzurra?

Zaila da jakitea. Hego Euskal Herriko ezkutuko ekonomia barne produktu gordinaren (BPG) %20 ingurukoa da, Gestha Espainiako Ogasun Ministerioko teknikoen sindikatuaren arabera. 17.136 milioi euro guztira. Gestharen kalkuluek diote ezkutuko ekonomia hamar puntu jaitsiz gero Hego Euskal Herriko ogasunek urtean 3.161 milioi euro gehiago bilduko lituzketela.

Iaz, zerga iruzurraren kontrako neurrien bidez Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek ia mila milioi euroko zerga iruzurra azaleratu zuten: Arabak 96,3 milioi euro, Bizkaiak 560 eta Gipuzkoak 312,4. Bildutako diru guztiaren %8,5 da. Beste kontu bat da azaleratutako kopurutik zenbat berreskuratu duten. Nafarroako Gobernuak 2010ean 147,17 milioi berreskuratu zituen, eta, iaz, irailera arte, 88,7 milioi euro. Espainian azaleratutakoaren %13 bakarrik berreskuratzen dute.

Espainian ezkutuko ekonomia BPGaren %23-25 ingurukoa da. Gestharen arabera, 1998tik 2008ra laukoiztu egin da: 245.000 milioi eurokoa da urtean. Ondorioz, urtero zergen bidez bildu gabe geratzen dira 89.000 milioi euro.

4. Zein dira aldeko argudioak?

Nagusiena, dirua bildu behar dela eta amnistia fiskalarekin dirua bilduko dela, defizita gutxitzeko. Hala ere, ez dakite zenbat. Espainiako Gobernuak dio orain iruzurgile direnak gero zerga ordaintzaile bihurtuko direla eta zerga ordaintzaileen kopurua handitu egingo dela. Baita datozen urteetan iruzurgileek bueltatutako diruari dagozkion zergak ordainduko dituztela ere.

Argudio horiek indargabetu egin ditu Ignacio Zubiri EHUko Ogasun Publikoko katedradunak: «Iruzurgile handiek ez daukate etorri beharrik. Zergatik ordainduko dute %10? Iruzurgileak direla onartzeko eta Ogasun Ministerioaren zaintzapean geratzeko? Orain, dirua ezkutuan daukate, eta ez diete aurkituko. Norbaiti interesatzekotan, diru zikina garbitu nahi dutenei edo Espainian likidezia arazoak dituztenei interesatzen zaie. Beldurragatik jende gutxik onartuko du iruzurra».

PPren gobernuak onartu du amnistia fiskala, baina PPko agintariak amnistia fiskalaren kontra zeuden duela ez asko. Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidenteak berak 2010ean esan zuen amnistia fiskala «ateraldi hutsa» zela, PSOEk antzeko neurri bat planteatu zuenean. Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiari orduan amnistia fiskala «onartezina», «bidegabea», «gizartearen aurkakoa» eta «astakeria» iruditu zitzaion; orain, ordea, amnistia fiskala «ona da herritar guztientzat».

5. Eta kontrakoak?

Ez dela bidezkoa, saritu egiten dituelako zergak ordaintzen ez dituztenak, herritarrei zergak igo eta hiru hilabetera. Herritarren arteko berdintasunaren kontrako neurria da. Gestharen azterketa batek dio espainiar bakoitzak batez beste dagokiona baino 830 euro gehiago ordaintzen dituela, ezkutuko ekonomiak eta zerga iruzurrak eragindako zuloa berdintzeko.

Zubirik uste du ez dela izango eraginkorra. «Estatuak ezintasuna eta porrota onartzea da», haren esanetan. «Zer aurpegirekin joango gara gu orain zerga ordaintzaile bat estutzera, jakinda iruzurgileek %10 ordainduta zorra kitatuko dutela?», galdetu du Manuel Redal Gesthako bozeramaileak.

Zalantzagarria da, gainera, iruzurgileak erakarriko dituen. Zerga delituak indarrik gabe geratzen dira egin eta bost urtera. Beraz, amnistia fiskalak, eragitekotan, azkeneko bost urteetan egindako iruzurrei bakarrik eragingo die. Zenbait iruzurgilek pentsa dezake zenbait urte barru ere izango dela beste amnistia fiskalen bat, eta haren zain gera daiteke. Gaur egun, badaude ohiko prozedurak zerga iruzurgileek iruzurra onartu eta egoera arautzeko.

Amnistia fiskalak mesede egiten die iruzurgile handiei. Zerga iruzurraren kontrako borrokak ere bai. Gesthak dio zerga iruzurraren %71 aberatsek eta enpresa handiek egiten dutela; zerga iruzurraren kontrako langileen %80k, ordea, iruzur txikiak ikertzen dituzte. «Beti berberak ikertzen ditugu», salatu du Redalek. Iruzurgileak saritzeak gaur egun zergak ordaintzen dituztenak ez ordaintzera anima ditzake.

Ez dute iruzurgileen zerrendarik kaleratuko. Espainiako Gobernuak sentiberatasuna izango du iruzurgileekin. Bilerak egingo ditu zerga aholkularitzako bulego nagusiekin, aholkulariek iruzurgileei ziurtatzeko ez dela haien izenik jakinaraziko eta ez dela haien kontrako neurririk hartuko. Amnistia fiskalaren abantailak jasoko dituzte, baina gizartearen gaitzespenik ez.

PSOE lege dekretua aztertzen ari da, Espainiako Konstituzioa urra dezakeelako. Ogasun Ministerioko Ikuskatzaileen Elkarte Profesionalak (IEH) argi eta garbi esan du Konstituzioko 31. artikuluaren kontrakoa dela. Artikulu horrek dio herritar guztiek ordaindu behar dutela, «bidezko zerga sistema baten bidez», «berdintasunean oinarrituta».

6. Kontrolatuko al dute diruaren jatorria?

Espainiako Gobernuak esan du amnistia fiskala baliatu nahi dutenek egiaztatu egin beharko dutela dirua noiz sortu zen eta norena den. Kasu askotan zaila da hori guztia egiaztatzea. Gesthak uste du amnistia fiskalarekin legez kanpoko jardueren bidez lortutako diru beltza zuritu ahal izango dela, nahiz eta diru horren jabeei ziurrenik ez zaien amnistia fiskala interesatuko.

7. Onartuko al dute zerga iruzurraren kontrako planik?

Amnistia fiskalei buruzko teoriak dio arrakasta izateko iruzurgileei iruzurraren kontrako borroka gogortuko dela mehatxu egin behar zaiela. Espainiako Gobernuak esan du baietz, 2013tik aurrera zerga iruzurraren kontrako borroka «oso zorrotza» izango dela. Bihar onartuko du plana. Besteak beste, mugatu egingo ditu profesionalek eskudirutan ordaindu ditzaketen salerosketak: 2.500 eurokoak izango dira gehienez.

Adierazgarria da Montorok, aurreko astean, eskudiruaren mugen berri eman zuenean esaldi berean aipatu zuela langabezia sariaren kontrako iruzurra ere.

Hitzak bai, baina ekintzak ez. Redalek, Gesthak, uste du ez egungo Espainiako Gobernuak ez aurrekoek ez dutela borondate politikorik izan benetan zerga iruzurrari aurre egiteko. «Ondorioz», gehitu du, «Espainia erosoa da zerga iruzurgilearentzat». Zubirik gehitu du, «neurri batean», Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa ere badirela: «Iruzurgileak jakinez gero iruzurra garesti aterako zaiola, bi aldiz pentsatuko luke; baina egungo sistemarekin ez. Mila zirrikitu dituzte zigorrak arintzeko eta saihesteko».

Zerga iruzurrari aurre egiteko hainbat neurri eta baldintza behar direla nabarmendu du EHUko katedradunak: hasteko, borondate politikoa; gero, kudeaketa eta tresna hobeak (datu base zabalagoak, fiskaltza bereziak...); eta zigor handiagoak «fede txarrez jokatzen dutenentzat».

8. Ez al dute BEZa igoko?

Espainiako Gobernuak bi aukera planteatu ditu: amnistia fiskala ala BEZa igotzea. Bata ala bestea baino gehiago, badirudi bata eta bestea jarriko dituela indarrean. Miguel Ferrek aste honetan esan du BEZa igotzea gainditu behar ez den marra gorria dela, baina amnistia fiskalak «huts egiten badu» orduan BEZa eta zerga bereziak (edari alkoholdunena, tabakoarena, erregaiena...) igotzea planteatuko dutela.

Ferrek Espainiako Gobernuan lan egin aurretik Price WaterhouseCoopers aholkularitza enpresan lan egiten zuen, enpresei nazioarteko zerga sistemei buruz aholkuak eskaintzen. Orduan, amnistia fiskalaren kontra zegoen; orain, alde.

9. Hego Euskal Herrian izan al da amnistia fiskalik?

Bai. Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak amnistia fiskalaren kontrako presazko agerraldia egin zuen iragan astean. Bertan esan zuen ez dagoela prest amnistia fiskala onartzeko, «etikoki onartezina, politikoki defendaezina eta sozialki ezin zurituzkoa delako». «Ez nago prest», jarraitu zuen Bilbaok, «kapitalak, kontzientziak eta espedienteak zuritzeko».

1986an, ordea, amnistia fiskala indarrean izan zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, foru zor-agirien bidez. Espainiako Gobernuak 1984an onartutako amnistia fiskala bere egin zuten foru aldundiek: %7-8ko intereseko zor-agiriak jaulki zituzten, eta iruzurgileek, erosi. Foru aldundiek ez zuten galdetzen iruzurgilea nor zen, ez zen behar, prozesua finantza erakundeen bitartez egiten baitzuten. Iruzurgileek dirua ordaindu ez, kobratu egiten zuten.

1991n ere bat egin zuten Espainiak abiatutako prozesuarekin: 1984ko zor-agiriak erosi zituztenei zor-agiriak Zor Publiko Bereziarengatik aldatzea eskaini zieten.Zor-agiri berriek %2ko interesa eta sei urteko epea zuten. Hego Euskal Herrian 177.000 milioi pezetaren zor-agiriak erosi zituzten (1.063 milioi euro). Diru beltza zen. Ogasun departamentuen arabera, 300.000 milioi pezeta diru beltz geratu ziren zor-agiriak erosi gabe (1.800 milioi euro).

10. Zer emaitza izan dituzte amnistia fiskalek munduan?

Gehienek kaskarrak, espero baino askoz ere diru gutxiago bildu baitute. Munduko Bankuaren arabera, ikerketa gehienek diote aldizkako amnistia fiskalek ondorio txarrak izan dituztela.

Noiz da amnistia fiskal bat eraginkorra? Zergen bidez biltzen den diruarekin alderatuz gero, arrakasta txikia da. Espainian, 2.500 milioi euro bilduz gero, biltzen den diru guztiaren %1,2 baino pixka bat gehiago izango da. «Amnistia fiskalari buruzko azterketek diote kasurik onenean biltzen denaren %2,5era iristen direla eta okerrenean %0,3ra», Zubiriren esanetan. «Kasurik onenean bildutakoa gutxiegi da neurria zuritzeko».

Espainian amnistia fiskalak izan ziren 1984an eta 1991n, PSOE gobernuan zela. Iruzurgileei iruzur egindako diruarekin zor-agiriak erostea eskaini zieten, diruaren jatorria kontrolatu gabe. 1992an iruzurgileei sei urterako tituluak eskaini zizkieten, %2ko interesarekin. Espainiako Gobernuak 980.000 milioi pezeta jaso zituen, 5.000 milioi euro inguru. Orduan Carlos Soltxaga sozialista nafarra zen Ekonomia eta Ogasun ministroa.

Bi amnistia fiskal horiei gehitu behar zaie 2010ean Suitzako HSBC bankuko kontu sekretuekin gertatutakoa. Ehunka ezkutuko kontu aurkitu zituzten, tartean Emilio Botin Santander bankuko presidentearena. Espainiako Gobernuak iruzurgileengana jo zuen, errenta aitorpen osagarri bat egin zezatela egoera zuzentzeko. Isunak eta zigorrak barkatu zizkien.

Amnistia fiskalen arrakastaz hitz egiten denean Italia aipatzen da. Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroak amnistia fiskalaren berri eman zuenean Italia eta Erresuma Batua aipatu zituen. Italiak %5-7 bitarteko interesa eskaini zien zerga iruzurgileei. 95.000 milioi euro azaleratzea —denak ez ziren Italiara bueltatu— eta 5.600 milioi euro jasotzea lortu zuen gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.