Istorioa ez da amaitu», ohartarazi zuen iazko abenduan Joaquin Almunia Europako Batzordeko Lehia komisarioak. Euriborra eta beste indize batzuk manipulatzeagatik, bost bankuri 1.712,5 milioi euroko zigorra jarri zien orduan. Bost hilabete geroago, bete egin da Almuniaren iragarpena, eta auzi haren bigarren zatia asteon lehertu da. EBk Euriborra nahieran manipulatzeko kartel batean parte hartzea leporatu die formalki Credit Agricole, HSBC eta JPMorgan bankuei. Iazko abenduan iruzurra egin izana aitortu zuten beste bost bankuk, eta haietako lauri zigorraren %10 barkatu zien, eta Barclaysi osoa, egindakoa aitortzen eta informazioa ematen lehena izan zelako. Orain akusatutako hiruek dena ukatu zuten orduan, eta ukatzen jarraitzen dute orain ere.
Baina Batzordeak hiru bankuak ikertzen ari da oraindik ere, eta, iazko abenduan ez bezala, orain ez dute zigorra %10 txikitzeko aukerarik izango, errua aitortzen badute ere. Almuniaren arabera, Credit Agricole, HSBC eta JPMorgan bankuetako artekariek informazio sekretua elkarrekin trukatu zuten Euriborraren eta Tiborraren —Yenaren Liborraren— kotizazioa nahierara aldatzeko, bankuen irabaziak handitzeko. Bankuek eta enpresa askok erabiltzen dituzte indize horiei lotutako deribatuak, interes tasen aldaketetatik babesteko. Bada, bankuok deribatu horien kotizazioen gorabeherak euren mesederako adostu zituztelakoan dago Almunia.
Lehia komisarioak hiru bankuei bidalitako salaketa agiriak eskubidea ematen die akusatuei euren burua idatziz defendatzeko. Europako Batzordearen aurrean agerraldi bat egiteko eta euren estatuetako eskumendun erakundeetan euren burua defendatzeko. Baina bankuak ez dira zain egon. Akusazioak ukatu dituzte denek prentsaren aurrean. "Geure burua indar handiz defendatzeko asmoa daukagu", iragarri du Jezz Farr HSBC banku britainiarreko ordezkariak, eta gaineratu du "datozen hilabeteetan" erabakiko dutela zer pauso eman. JPMorgan banku estatubatuarraren esanetan, berriz, Bruselaren akusazioek "ez dute oinarririk", eta bere burua "guztiz" defendatuko duela aurreratu du.
Eskandalua AEBetan ere
Hiru bankuen eta Europako Batzordearen arteko prozesuak luze joko du. Bruselak ikerketak amaitu eta azken erabakia hartzerako —errugabe jo edo isuna ezarri— urtebete edo gehiago igaro daiteke. HSBCrentzat eta Credit Agricolentzat lehen aldia da kotizazio eskandalu batengatik formalki salatzen dituztela. JPMorganek, aldiz, lehendik ere 79 milioi euroko isuna ordaindu zion Batzordeari Liborra manipulatzeagatik. Bruselak hiruak errudun jotzen baditu handia izan daiteke zigorra: bankuen urteko negozio bolumenaren %10 ingurukoa.
Aste honetan, ordea, banku iruzurgileen kontrako akusazioak ez dira soilik Europan gertatu. AEBetan ere iruzur kasu deigarri bat azaleratu da: Suitzako Credit Suisse bankuak 1.800 milioi euroko isuna pagatuko dio AEBetako Gobernuari, zerga saihesteagatik. AEBetako Justizia Departamenduak, Erreserba Federalak, New Yorkeko Estatuko Finantza Zerbitzuetako Departamentuak eta bankuak berak adostu dute isunaren zenbatekoa, hark bere burua errudun aitortu eta negoziazio luzeen ostean.
Hogei urteetan lehen aldiz aitortu du banku batek AEBetan bere errua zigor auzi batean. Gainera, AEBtan zergak ez ordaintzeagatik inoiz jarritako isunik handiena da. Credit Suissek 2006an 22.000 kontu zituen AEBetan, 9.800 milioi euro inguruko balioarekin, eta bankuak diru horren %95 ez zuen erregistratu AEBetako Ogasunean.