Autogintza

Iruzurraren osteko Volkswagenen lehen emaitza: 1.582 milioi euroko galera

Gas isuriak faltsutzeko auziaren kostua nabarmena izan da Wolfsburgeko etxearentzat: 2014ko 10.847 milioiko irabazia 1.582 milioiko galera bihurtu da 2015ean. 16.900 miloiko hornidurak azaltzen dute gainbehera izugarria, ez fakturazioak.

Volkswagenen auto salmenta zentro bat. MIKE NELSON / EFE
xabier martin
2016ko apirilaren 22a
16:54
Entzun

Roberto Rossseliniren Germanya, anno zero (1948) Wolsfburgo, anno cero bihurtu da Volswagenen erraldoiarentzat. Gas isuriak faltsutzeko motor trukatuen iruzurrak mugarria jarri du konpainian betiko, eta aurrerantzean gertaera horretatik abiatu beharko du VWen emaitzak ulertzeko edozein azterketa. 1.582 milioi euroko galera. Horixe da 2015eko azken emaitza Matthias Müllerren konpainiarentzat, are okerragoa izan zitekeen amesgaiztoa; Volskwagenek ez baititu salmentak jaitsi 2015ean, igo baizik. 213.292 milioi euroko fakturazioa lortu du, %5,4 gehiago, inoizko errekor handiena. Kontua da iruzurraren faktura beste alde batetik doala. 16.900 milioi euroko hornidurak egin behar izan ditu Wolfsburgek, motor trukatuek ekarriko dizkion atsekabe guztiak ordaintzeko.

Atsekabeen zerrenda ez baita laburra: E-189 motor diesel trukatua duten milioika auto konpondu behar dira mundu zabalean, VW, Seat, Skoda, Porche eta Audi markakoak. Horrez gain, batez ere AEBetan zabalik dauden prozesu judizialek eta administrazioen ikerketek ez diote ezer onik ekarriko; eta gainera, bezeroei eman beharreko kalte-ordainak daude. AEBetan akordiora iritsi da Alemaniako konpainia motor iruzurgileko autoen jabeei 5.000 dolar bana ordaintzeko; 6.700 milioi euroko hornidura egin du horretarako.

"Krisi honek, emaitzek islatzen duten moduan, eragin handia izango du Volkswagenen egoera finantzieroan", onartu du gaur Müllerrek konpainiaren ustiapen kontua ezagutarazteko prentsaurrekoan. "Egoerari gure bitarteko guztiekin aurre egiteko borondate irmoa daukagu".

630.000 auto tailerrera deituko dituzte Alemaniako bost konpainia handik

Iruzurraren lotsaren orbana ez da berehala garbitu, dena den. Ez du horretan laguntzen Alemaniako Garraio Ministerioak egindako ikerketa baten harira berriki azaleratu diren beste irregulartasun batzuk. Audik, Porchek, Mercedesek, Volkswagenk eta Opelek 630.000 auto tailerra deitu beharko dituzte ikerketaren emaitzengatik. Antza denez, autoen motorrek tenperatu jakin bat hartzen dutenean, isuriak garbitzeko mekanismoek funtzionatzeari uzten diote. Hori dela eta, auto etxeek motorren funtzionamendua findu egin beharko dute. Hala ere, ikerketak ez du aurkitu VWek egindako txip iruzurgilearen antzekorik.

Autogintzaren industriaren zintzotasuna are susmagarriago egin dute, gainera, azken egunetako hainbat albistek. Erresuma Batuan 37 modelo desberdin aztertu ditu gobernuak benetako martxa kontuan hartuz, ez laborategian alegia, eta froga hori ez du bakar batek ere gainditu. Denek gainditu dituzte laborategi mailan onartzen den NOx isurien muga. BMW, Ford, General Motors eta Volkswagen bera daude auto horien artean. Datorren urte arte, ez da indarrean sartuko laborategitik kanpo egindako proben emaitzak aintzat hartzen dituen sistema. Ordu arte dute auto konpainiek euren isuri maila egokitzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.