Izen-abizenak, argazkia, zein delitu egin zuten eta zenbateko zigorra jaso zuten. Erresuma Batuak Interneten eskegi zituen iaz 2012ko zerga iruzurgile handienei buruzko datuak, nahi zuen orok ikus zitzan. Flickr argazkien sare sozialean daude, Top Tax Criminals of 2012 izenburupean. Adibidez, bitxigile baten kasua ageri da. "BEZari zegozkion zazpi milioi libra ordaintzea saihestu zuen, urre kontrabandoan arituta. Dubain erosten zuen urrea, eta Frankfurtetik eraman Erresuma Batura, BEZik ez ordaintzeko. Bi urtean egin zuen. Bederatzi urteko espetxe zigorra jaso du", jartzen du argazkiaren azpiko azalpenean.
Irlandak 1997tik argitaratzen ditu iruzurgile handien zerrendak, hiru hilabetean behin. Estatu Batuetako hainbat estatutan ere publikoak dira datuak, baita udal batzuetan ere. Espainiak ere egin zuen promes orain urte eta erdi, baina hor geratu zen kontua. Gipuzkoak lehen pausoa eman du: aztertu egingo du halako zerrendak ageriko egiteko aukerarik dagoen.
Datuen babesaren muga
Batzar Nagusietako alderdi guztiek aho batez eman diote oniritzia azterketa egiteko proposamenari. Horrek ez du esan nahi guztiek ezinbestean zerrendak sortzearen alde egingo dutenik gero. Diputazioaren kezka da zerrenda beltz hori bateragarria ote den datuen babeserako legearekin, norbere eskubideekin talka egiten ote duen. Horregatik, zuhur mintzatu da Helena Franco Gipuzkoako Ogasun diputatua, "kontu delikatua" dela esanez.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ere zalantzak agertu ditu neurri horren zilegitasunaren gainean. "Espainiako legediaz gain, Europakoa ere kontuan hartu behar da". Ordea, PSE-EEren Gipuzkoako Batzar Nagusietako taldeak argi du hori egin daitekeela. "Ezin dugu onartu iruzur egiten duenaren elkartasun falta. Pedagogia egiteak ezin du izan konstituzioaren kontrakoa", adierazi du Rafaela Romero bozeramaileak. PSE-EEk Arabako Diputazioari ere kargu hartu dio. Cristina Gonzalez Batzar Nagusietako bozeramaileak gogora ekarri du iazko maiatzaren 20an alderdi guztiek eskaera egin ziotela Arabako Foru Aldundiari. Esan zioten txosten juridiko-tekniko bat prestatzeko, zerrendak argitaratzearen egokitasunari buruz, bi hilabeteko epean. "Urtebete pasatu da, eta ikusten ari gara berriro ere diputazioak ez duela bete bilkuran onartutako mozio bat". Baina Javier de Andres ahaldun nagusiak aste honetan esan du halako informazioa publikatzea "legez kanpokoa" dela. Bizkaian ez da izan gaiaren inguruan mugimendurik oraingoz.
394 milioiren iruzurra
Datuen babeserako legearekin bat datorrela ziurtatzeaz gain, Gipuzkoako Ogasunak izango du konpondu beharreko beste kontu bat. Haren araudi propioak esaten du zerga ordainketei buruzko datuak konfidentzialak direla. Beraz, egitasmoak aurrera egiten badu, aldatu egin beharko da araudi hori; alabaina, alderdi guztiak ados egonez gero, ez dirudi konplikatua izango denik. Konplikatuago izan daiteke "iruzurgile handia" zein den definitzea.
Joan den urtean, 394 milioi euro inguruko iruzurra atzeman zuen Gipuzkoako Ogasunak. Kopuru hori 2012koaren nahiko antzekoa da.