Lasaigarria bezain urduria da isiltasuna. Birziklatutako paper multzo laukizuzenek pilatuta jarraitzen dute Hernaniko Gureola enpresaren kanpoaldean (Gipuzkoa); haizeak dantzan jarritako papertxoak dira inguruko mugimendu apurraren seinale. Burdin hesia zabalik dago, eta hori zeharkatu orduko, han urrutian bi lagun, eserita. Zaintza lanetan ari diren bi langile dira, uztailaren 31tik egunero-egunero egin duten bezala. Irailaren 18an aldi baterako erregulazio dosierra aplikatu zieten, enpresa aurre konkurtsoan dago, eta argindarra moztu zietenetik, lanik egin gabe daude.
«Dena ondo zihoan». Hala aitortu du Luis Folgueiras langileak, zaintza lanak egiten ari dela. Langileek nabaritzen zuten azkenaldian stocka eta materiala gutxitzen ari zela, baina enpresak ez zuen kezkatzeko moduko informaziorik ematen, eta enpresa batzordeari dena ongi zihoala ziurtatzen zion. Uztailaren 27an bi aldeek bilera egin ondoren iritsi zen berria: enpresa hartzekodunen aurre konkurtsoan zegoen jada. Azaroaren 26an amaituko da aurre konkurtsoa, eta Konkurtso Legera jo nahi ez badute, zorra negoziatu beharko dute. Langile batzarraren arabera, zorra laukoiztu egin da urte eta erdian.
Hilabete baino gehiago daramate kobratu gabe —uztaileko soldataren %10, abuztu osoa eta irailaren 18ra arteko egunak—. Zaintza lanetatik haratago, bulegoetan ia normal jarraitzen dute lanean, horren truke kobratuko ote duten jakin gabe. 2010etik Guretisue eta Webrayren esku dago Gureola, eta langileek kudeaketa txarra egitea leporatzen diete. Guztira, 47 behargin daude lantegian: batez besteko adina 30-35 urtekoa da; 55 urtetik gorakoak, berriz, bospasei dira. Zuzendaritza aldatu zenean erretiroa hartu zuten askok, eta geroztik ez da lantaldea berritu, Folgueirasek azaldu duenez.
Bien bitartean, eguna ahalik eta azkarren igaro dadin ahaleginak egiten dituzte. Sei langile pasatzen dira egunero Gureolatik, bi laguneko txandetan. Irakurtzen edo paseo bat ematen. Berriketan edo denbora-pasak egiten. Iluntzen duenerako energia sorgailu bat dute, argi pixka bat izateko. Oraindik deposituetan ur pixka bat geratzen da, eta hori zaintzen ere badihardute. Baina beti adi, sar daitekeenari begira. «Lehen lapurtzen baziguten, pentsa orain dagoen arriskua».
Ahalmena badu enpresak, Folgueirasek dioenez: «Itxaropena ez dugu galtzen; jabe hauekin ez bada, beste batzuekin baina aurrera ateratzea espero dugu».Horregatik, konponbidea badagoela sinesten dutelako, astearte eta ostegunero mobilizazioekin jarraitzen dute Gureolako langileek.
Lan gatazkak
Isiltasunean bada ere, aldarrikatzen
Gureolako langileek hilabete baino gehiago daramate kobratu gabe, eta uztailaren 31tik lanik egin gabe. Enpresa Konkurtso Legera jotzeko arriskuan dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu