Geir Haarde lehen ministro ohia kartzelatik libratu egin da. Hala ere, finantza krisiaren erantzuleak jazartzeari buruz ari bagara, Islandiak ez du parekorik. Herrialdea porrotera eraman zuten bankari eta agintari politikoak salatu, atxilotu eta epaitzeko grina ez da beste inon agertu. Azkenean, ikusiko da zenbat doazen kartzelara —asko libratuko dira, antza—, baina ekonomia hondoratu izana ez zaiela doan aterako argi geratu da jadanik.
Aparteko kasua da Islandia. Edo ez, gizarteak finantza krisiari emandako erantzunak jarraitzaile geroz eta gehiago baititu. Orain dela egun batzuk dirua biltzeari ekin zioten M-15 mugimendukoek, Rodrigo Rato Bankiako presidente ohiaren aurkako kereila aurkeztu ahal izateko. Egun bakar batean 20.000 euro lortu zituzten; jende asko erreta dagoen seinale. Ez da ahalegin bakarra izango. ELAk auzitara eraman nahi ditu Espainiako arduradun politiko eta finantzario nagusietako batzuk, Galiziako CIG sindikatuarekin elkarlanean.
Espainiako Auzitegi Gorenera gaur joateko asmoa dute bi sindikatuek, eta salatu nahi dituzten pertsona guztien zerrenda jakinaraziko dute. Hainbat izen aurreratu dituzte dagoeneko. Azken Ekonomia ministroen aurka egingo dute: Luis de Guindos, Elena Salgado eta Pedro Solbes. Era berean, Espainiako Bankuko azken bi gobernadoreak ere eraman nahi dituzte auzitara: Miguel Angel Fernandez Ordoñez —asteon utziko du kargua— eta haren aurrekoa, Jaime Caruana. Finantza krisian izan duten erantzukizuna eta prebarikazioa egotzita, epaileek inputatzen saiatuko dira salaketaren bidez.
«Konspirazioa»
Asmo horren berri emateko asmoz, ELAko ordezkariek elkarretaratzea egin zuten atzo, BBK aurrezki kutxak Bilbon duen egoitzaren aurrean. Adolfo Muñoz sindikatuko idazkari nagusiaren ustez, Espainian konspirazio bat egon azken urteotan, «ekonomia osoa bankuen zerbitzura jartzeko helburuarekin».
Jose Maria Aznar presidente izendatu zutenetik gobernu guztiek konspirazio horretan parte hartu dutela esan zuen Muñozek: presidenteak, Ekonomia ministroak eta Espainiako Bankuko gobernadoreak. Prebarikazioa eta finantza sistema gainbegiratzeko ardurari uko egin izana leporatzen die ELAk. «Nahi zutena egiten utzi zaie bankuei, ez da inolako ikuskaritzarik izan».
Bankuen eta aurrezki kutxen egoerari buruzko gezurrak «bata bestearen atzetik» esan dira, Muñozen ustez. «Ez zegoela eraikuntzako burbuilarik esaten zen, egiten ziren estres testek bankuak eta kutxak oso ondo zeudela ziotela». Jarrera horrek finantza sistemaren benetako arazoei heltzeko eta egoera zuzentzeko aukera atzeratu du.
Miguel Angel Fernandez Ordoñez Espainiako Bankuko gobernadoreari «zeregin funtsezkoa» egozten dio Muñozek gertatu diren arazoetan. «Soilik lan erreformak eta pentsioen erreformak eskatu ditu, eta ontzat jo ditu langileen eskubideen aurkako eraso guztiak». Hori guztia dela eta, arduradun politiko eta finantzarioen aurka egitea ezinbestekotzat jo zuen. «Enpresa handien, bankuen eta espekulatzaileen mesederako festa zuzendu dutenak baino zintzoagoa da kartzelan dagoen jende asko».
Alderdien erantzukizuna
ELAren eta CIGen susmoak ez dira botere eta administrazio publikoetan geratzen, eta finantzagehiegikeria guztiak ahalbidetu dituen arrazoi nagusia botere ekonomikoaren eta alderdi politikoen elkar hartzea dela ondorioztatu dute. «Arazoa alderdien finantzaketa da», Muñozen hitzetan.
Europako Kontseiluaren barrua ustelkeriaren aurka dagoen taldeak (Greco) Espainiari buruz egindako azken txostena nabarmendu dute bi sindikatuek. Alderdien finantzaketari eta gardentasunari buruz egin zizkion gomendioak bete ez izana aurpegiratu zion Grecok Espainiari. Besteak beste, bankuen maileguei buruz kezka agertzen zuen. «Bankuek eta kutxek alderdi politikoei emandako maileguak barkatzen dira», esan zuen Muñozek, «baina ezer ez da doan, orain barkamen horiek kobratzen hasi dira erakundeak, hori da gertatzen ari den arazoaren azalpena».
Islandiaren irakaspenak
Krisiaren erantzule izateagatik Espainiako agintari politiko ugari auzitara eraman nahi dituzte ELAk eta CIGek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu