Belfasteko Udalak abenduaren 3an erabaki zuen Erresuma Batuko bandera urtean zehar udaletxean jendaurrean egun jakin batzuetan baino ez erakustea —aldeko 29 boto izan ziren, kontrako 21—, eta horrek neurriaren aurkako protestak eragin ditu Ipar Irlandako hiriburuan. Gaur ere bai, esate batera.
Mila lagun inguru batu dira udaletxe parean, eta Poliziaren eta haien arteko iskanbilak izan dira. BBC hedabide taldeak esan du dozena bat unionistek harriak eta ke poteak bota dizkietela Ipar Irlandako poliziei. Horiek ura botaz erantzun dute, BBCren arabera. Poliziak jakinarazi du bederatzi agente zauritu direla eta hemezortzi lagun atxilotu dituztela.
Abenduaren 3ko erabakiaz geroztik 40 polizia zauritu dira, eta politikari batzuek heriotz mehatxuak jaso dituzte.
Orain arte Erresuma Batuko bandera egunero egon da ikusgai Belfasteko udaletxean. Zinegotzi abertzaleek hura erretiratzeko eskatu zuten, "zatitutako hiri honetan neutraltasun giro bat egon dadin".
Ipar Irlandako Gobernuaren eraikin batzuetan eta Parlamentuaren eraikinean —Stormont-eko gazteluan— aipatutako bandera egun zehatz batzuetan baizik ez da izaten jendaurrean.