Ezkutuko ekonomiari aurre egiteko plana onartu zuen atzo Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak. Gizarte Segurantzan izena emanda eta afiliatuta ez dauden langileen egoera zuzentzeko uztailaren 31 arteko epea izango dute enpresaburuek. Hortik aurrera arauz kanpo dauden langileak atzemanez gero isunak handituko zaizkie.
«Neurri erraza da etorkizunean kotizatzen duten langile gehiago berreskuratzeko», azaldu zuen Valeriano Gomez Espainiako Lan ministroak kontseiluaren ondoren. Edonola ere, egun indarrean dauden zigorrek bere horretan jarraituko dutela eta ez dela amnistiarik egongo ohartarazi zuen. «Ez da amnistia bat egongo langileen eskubideak soilik Gizarte Segurantzan izena ematen duenetik onartuko direlako». Alegia, ez zaie antzinatasuna onartuko, baina, aldi berean, ez dute aldez aurretiko egoeragatik zorra ordaindu behar izango.
Ezkutuko lanpostu batetik ateratzen zen langileari kotizazio urte bat edo sei hilabete aitortzea aztertu izan du Zapateroren gobernuak, baina azkenean ez du inolako ordainik ezarri.
Zigorrak eta pizgarriak
Gobernuaren egitasmoak enplegua arautzeko pizgarriak eskainiko dituela aurreratu zuen Gomezek, baina ez zituen zehaztu zeintzuk izango diren. Bai, ordea, zigorrak handituko dituztela, «kasu batzuetan %300 baino gehiago».
Enpresaburuak langilea Gizarte Segurantzan erroldatzen ez badu, 3.126 eta 10.000 euro bitarteko zigorra jasoko du. Uztailaren 31 arte 625 eta 6.250 euro artekoa izan liteke isuna. Era berean, langabezia saria edo Gizarte Segurantzako beste ordainen bat jasotzen duen bitartean lanean ari den pertsonari 10.000 eta 187.515 euro arteko isuna jarriko zaio. Gehienezko kopurua ez da igo, baina bai gutxienekoa. Orain arte 6.251 euro ziren gutxieneko isun hori.
Plan horren bidez ezkutuko zenbat lanpostu azaleratuko diren kalkulatzea ez dela erraza esan zuen Lan ministroak, baina Espainiaren egoera eta Europako beste herrialdeena oso antzekoa dela onartu, eta horietan arautu gabeko enpleguaren tamaina «oso adierazgarria» dela nabarmendu zuen.
BPGaren %7 EAEn
Ezkutuko enpleguaren egoerari buruzko datuak eman ditu asteon Espainiako Ogasun Ministerioko teknikoen sindikatuak, Gesthak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, esaterako, Barne Produktu Gordinaren %7 dela adierazi dute, 4.581 milioi euro, hain zuzen ere. Kopuru horretatik herrialdeen arteko banaketa nahiko orekatua da: Bizkaian erdia, Gipuzkoan heren bat, eta gainerakoa Araban.
Iruzurra hamar puntu murriztu eta Europako batez bestekoetan kokatuko balitz, Gizarte Segurantzaren kutxak 816 milioi gehiago bilduko lituzke urtero EAEn.
Isun handiagoak ezkutuko enplegua duten enpresentzat
Uztailaren 31 arteko epea eman du Madrilek arauak betetzen ez dituzten langileen egoera zuzentzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu