ITALIA. Zortziak batera, eta bakarrik

G8koak 2050erako gas isurketak %80 murrizteko ados jarri dira; baina ez dute Indiaren eta Txinaren babesik oraindik

Ixiar Zubiaurre - Iker Aranburu
2009ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroak L'Aquilan hartu ditu G8koak. Hasiera batean Sardinian biltzekoak baziren ere,munduko zortzi herrialde industrializatuenekin Italiako erdialdeko hiri horretan batzartzea erabaki du Il Cavaliere-k. Ondo aukeratu du; apirileko lurrikaran guztia galdu zutenei elkartasun keinua eginez, bere irudia zikindu duten polemikek bigarren planoarekin konformatu beharko dutelako, seguruenik. Eta Berlusconiren estrategiak funtzionatu du. Izan ere, klima aldaketari aurre egiteko deklarazio bateratua akordatu dute G8koek; eta titularrak betetzeko adina ematen du horrek. Halaber, Italiak goi bilera prestatzen izandako ganora gabeziak ere ez du askorik axola dagoeneko; Berlusconik, ekimen txikikoa izanda ere, bai baitaki gonbidatuak limurtzen. Azken egunetan prestaketa lanak besteen gain uztea leporatu diote, baina, Barack Obama AEBetako presidenteak egindako antolakuntza lanengatik zoriondu du lehen ministroa.

L'Aquilan hitzartutako deklarazioak herrialde garatuenek 2050erako beren gas isurpenak %80 murriztu beharko dituztela dio. Konpromiso serioa dirudi, lehen begirada kolpean, merkatuan nagusi bihurtuz doazen herrialdeen iritziak aintzat hartu gabe osatutako testua izanda ere.Alabaina, justu horrexegatik eduki eskaseko deklarazio hutsean bihurtzeko arriskua du klima aldaketaren aurkako konpromisoak. G8koen goi bileraren baitan, izan ere, G5ekoekin eta Egiptorekin klima aldaketaz dira eztabaidatzekoak gaur. Eta bertan, Indiaren eta Txinaren ezezkoarekin topo egiteko aukera dezente dituzte munduko zortzi herrialde industrializatuenek.Eta G8koek porrot egin dutela esan nahiko luke horrek; euren artean bat egitea lortuagatik ere, merkatuan nagusituz doazen herrialdeen konpromisorik gabe, hanka motz geldituko baita hartutako konpromiso oro.

G8koak vs G20koak

Ekonomia krisia, klima aldaketa eta elikagai krisia dira G8 taldeak landuko dituen gai nagusiak. Atzo hasi ziren lanean, zerrendan lehenengo gaiajorratuz. Dena dela, gero eta gehiago dira ekonomia krisiari modu eraginkorrean aurre egingo badiote, G8koek beren klub esklusiboa merkatuko nagusi bihurtzen ari diren beste herrialdeei ere zabaldu beharko dietela diotenak. Erresuma Batuak, besteak beste, argi ikusten du G8ak, zortzi herrialdeen klub gisa, ez duela etorkizun handiegirik. «Herrialde gehiago bildu behar ditugu mahai beraren inguruan. Eztabaidagai diren gaiak, hasi ekonomia suspertzetik eta klima aldaketaraino, inplikatze handia eskatzen dute. Hortaz, nola utziko ditugu India, Brasil, Hegoafrika eta Txina bezalako herrialdeak kanpo?», adierazi du Gordon Brown Erresuma Batuko lehen ministroak. AEBak, Alemania, Erresuma Batua, Errusia, Frantzia, Italia, Japonia eta Kanada dira G8ko kide.

G8koen eztabaida gunea txiki gelditu da mundu zabalean eragiten duten arazoei aurre egiteko. Horregatik, segur aski, G8koek indar hartuz doazen herrialdeen laguntza izango dute gaur -besteak beste, G5 taldeko kideak, alegia,Brasil, Hegoafrika, India, Mexiko eta Txina L'Aquilan izango dira gaur-. Berotegi efektua eragiten duten isurketak murrizteko neurriak adostea dute xede gaurko negoziazioetan, baina helburuak, ohi lez, asmo hutsean gelditzekotan dira. «Wen Jiabao Txinako lehen ministroarekin bildu naiz, eta bere eszeptizismoa antzeman ahal izan dut. Txina eta Indiarekin klima aldaketan auzian zein puntutaraino ados egon gaitezkeen argitu beharra daukagu», adierazi du Silvio Berlusconik. Wen Jiabaok Txinara itzuli behar izan zuen atzo, Xinjiang eskualdeko liskarrak tarteko.

2050erako gas isurketak erdira murriztea proposatu dute G8koek -herrialde garatuek, berriz, %80 murriztu beharko dituzte-, baita Lurraren berotzea gehienez bi gradukoa izatea ere; alegia, industrializazioaren aurretik gaur egunera arte Lurrak izandako tenperatura igoerari eustea. Proposamen horrek, ordea, ez du Ekonomia Handien Foroan parte hartzen duten hamazazpi herrialdeen babesa, ezta, hortaz, G5 taldea osatzen duten kideena ere. Aitzitik, oztopoak jartzen nagusi India eta Txina dira. Eta haien ezezkoak pisu handia izango du, urte honen amaieran, Kopenhagen (Danimarka), IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak egiteko duen goi bilerari begira.New Delhiko eta Pekingo gobernuek agindutako diru-laguntzak ez ematea leporatzen diete G8koei. Horixe da konpromisoarekin bat egiteko agertu duten argudio nagusiena.

Dena dela, klima aldaketarena ez da L'Aquilako goi bileran lantzeko gelditzen zaien auzi bakarra. Bihar, izan ere, elikagai krisiaz dira aritzekoak mundukozortzi herrialde industrializatuenak; atzo, elikagai segurtasunaren alde Obamak egindako urratsak txalotu zituzten. AEBetako presidenteari esker, izan ere, G8ko kideek eta Errusiak 12.000 milioi dolar emango dituzte krisia gainditzeko.

Halaber, Ipar Koreako eta Irango programa nuklearrez ere aritzekoak dira G8koak. Dena dela, aurreratu dute dagoeneko Iranen aurkako zigor gehiago ez dituztela onartuko.



Munduko zortzi herrialde aberatsenak aski al dira?

AEBak, Alemania, Erresuma Batua, Errusia, Frantzia, Italia eta Japoniako ordezkariak bildu ziren atzo. Horiek osatzen dute G8a. Eraginkortasun falta egotzi diote taldeari, indarra hartzen ari diren estatuak tartean ez daudelako. Hori hala gaur G5ekoak batuko zaizkie: Brasil, Hegoafrika, India, Mexiko eta Txina.





«G8koen diktaduraren» kontrako protesta,Bilbon

«Ez dira inor gure eta munduan bizi garen sei mila milioi lagunen etorkizuna erabakitzeko». Hori salatzeko manifestazioa egingo dute bihar, arratsaldeko 20:00etan Bilbon, Arriagaren parean. «G8koen diktaduraren aurrean, demokrazia globala», aldarrikatu dute manifestazioko antolatzaileek.





Poliziak44 manifestari atxilotu ditu Italia osoan

L'Aquila ez da Genoa izango, itxura guztien arabera. Egunotan G8koak bilera egiten ari diren hirian ez dela 2001eko uztailaren 19tik 22ra Genoan izan zen indarkeria egongo iragarri dute adituek. Hala ere, protestak borroka bilaka ez daitezen, Gobernuak 2.500 militar bidali ditu L´Aquilara. Globalizazioaren kontrako mugimenduak hasi ditu manifestazioak. Eta jada badaude atxilotuak: 44, zehazki. Silvio Berlusconi lehen ministroaren kontrako pankarta zintzilikatzeagatik atzeman dituzte bost lagun, eta gasen kontrako maskarak autoan eramateagatik beste lau. Herenegun 35 atxilotu zituzten. Gaurko «manifestazio basatia» iragarri dute. Genoan Carlo Giuliani ekintzailea hil zuen Poliziak.





G8ko herrialdeek ez dute neurri berririk proposatu ekonomia bultzatzeko

«Estrategiak» beharko dira gastu publikoa orekatzeko eta bankuei emandako laguntzak berreskuratzeko
Iker Aranburu.

Krisia eta haren ondorioak gainditu ahal izateko neurri berrietan ados jartzeko modurik izan ez dutenez, mezu baikorra zabaltzera mugatu dira G8ko herrialdeak.«Krisia, bere zatirik gogorrenean, dagoeneko atzean utzi dugu», ziurtatu du Silvio Berlusconik, lehen bilera egunaren amaieran. Hala ere, onartu dute egoera ez dela batere ziurra eta gauzek berriro okerrera egiteko arriskuak egon badaudela.

Horrez gain, aurreko goi-bileretan proposatutako neurriak indarrean jartzen ari direla eta krisitik ateratzeko elkarlana beharrezkoa dela esatera mugatu da deklarazioa. «Herrialde bakoitzaren egoera aztertu dugu eta ohartu gara guztietan zantzu onak daudela: erabaki dugu garrantzitsua dela banku sistemari, industriari eta lanpostua galdu duenari emandako laguntzei eutsi behar zaiela», azaldu du Berlusconik.

Hain zuzen ere, bankuei ez ezik, ekonomia sustatzeko emandako laguntzen etorkizunak sortu ditu desadostasun gehien. Angela Merkel Alemaniako gobernuburua krisitik atera ahal izateko egiten ari den gastu publikoaren neurriaz dago kezkatuta. Defizit eta zor publikoak asko handitzen ari dira, eta horrek etorkizunean arazoak sor ditzake, inflazioarekin batez ere.

Kezka horietarako goizegi dela erantzun dio Gordon Brown Erresuma Batuko lehen ministroak, arriskuak artean handiak direlako. Barack Obama AEBetako presidenteak, berriz, ateak irekita utzi ditu diru publiko gehiago gastatzeko, arazo batzuk oker ditzakeela onartuta ere.

Azkenean, adierazpen nahiko orokorra onartu dute G8koek: «Ados gaude, behin krisia amaituta, estrategia egokiak prestatu behar direla krisiari erantzuteko hartu diren neurri ezohikoak kentzeko. 'Irteera estrategia' horiek desberdinak izango dira herrialdetik herrialdera, bakoitzaren ekonomiaren baldintzen araberakoak».

Antzeko iritzia azaldu du nazioarteko Diru Funtsak ere, atzo zabaldutako txostenean. Finantza sistemarentzat arriskuak gutxitu direla aitortuta ere, «arriskua sektore pribatutik publikora igaro delako» kezkatuta azaldu da NDF, eta eskatu du estrategiak finkatzea dirulaguntza publikoak kendu ahal izateko. Hori bai, iritzi dio goizegi dela bankuei laguntzeko programak bertan behera uzteko. Gastu publikoari buruz ere antzekoa: 2010ean eutsi beharko zaiola iritzi dio, baina planak eskatu ditu «balantzak orekatzeko eta zor jasangarria ziurtatzeko».

NDFren iragarpenak apirilekoak baino txukunagoak dira: munduko ekonomia %1,4 txikituko da aurten (%1,3 zioen apirilean), eta %2,5 haziko da datorrenean (%1,9). «Munduko ekonomia egonkortzen ari da, inoiz ikusi gabeko laguntzei esker. Hala ere, atzeraldia ez da amaitu eta baliteke suspertzea oso motela izatea», ziurtatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.