Italiak %5,59ko interesarekin saldu du zorra, eurogunera sartu zenetik garestien
Italiak datozen hilabeteetan 80.000 milioi euro behar ditu hartzekodunekin dituen konpromisoak betetzeko. Inbertsiogileek badakite hori, eta gero eta errentagarritasun handiagoa eskatzen ari zaizkio bere zorraren truke. Atzo, esaterako, 3.900 milioi euroren bonuak merkaturatu zituen bost urtean itzultzeko, eta inbertsiogileek %5,59ko interesa eskatu zioten, herrialdea euroaren eremuan dagoenetik eskatu dioten interesik altuena. Azkenekoz uztailean saldu zituen bost urterako bonuak, eta, orduan, nahikoa izan zitzaion %4,93ko interesa eskaintzea. Gainera, geroz eta gutxiago dira Silvio Berlusconik gidatzen duen herrialdearen tituluak nahi dituzten inbertsiogileak. Uztailean eskainitako zorra baino 1,9 aldiz gehiago eskatu zioten; atzo, berriz, eskainitakoa baino 1,3 aldiz gehiago besterik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu