Italiak Greziaren gero eta antz handiagoa du: Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) kontrolak izan beharko ditu; laguntza premia gero eta nabarmenagoa da; lehen ministroaren kargua kolokan dago; eta Finantza ministroak berak kargua uzteko eskatu dio lehen ministroari. Baina Italia ez da Grezia, ez tamainari, ez garrantziari dagokionez: Europako hirugarren ekonomia eta munduko zazpigarrena da.
G20koen bileran Italiako ekonomian esku hartzea erabaki dute. Aurrena Europak zehaztu zizkion egin behar zituen erreformak; orain Europako Batzordeak eta NDFk kontrolatuko dute neurriak betetzen dituen edo ez. Ikuskatzaileen lehen bisita datorren astean jasoko du. Berlusconiren esanetan, «gomendioak» emango dizkiete; G20koen agiriak argi eta garbi dio erreformak «kontrolatu» egingo dituztela.
Christine Lagarde NDFko zuzendari nagusiak berak atzo esan zuen Berlusconik proposatutako erreformek ez dutela sinesgarritasunik. Lehen ministroaren arabera, NDFk dirua eskaini zion, baina hark uko egin zion, Italiak ez duelako behar. Lagardek esan zuen NDFk ez ziola laguntzarik eskaini.
Zor merkatuetara jo behar izanez gero, dirua garesti ordaindu beharko du. Italiaren hamar urterako zor bonuen interesa %6,4ra iritsi zen atzo zorraren bigarren mailako merkatuetan, orain arteko interes handiena da. Grezia, Irlanda eta Portugal erreskatea eskatzera behartu zituzten %6,5ekoarekin. Ikusteko dago, ordea, ea Europak, gaur egun, Italiari erreskatea emateko gaitasuna duen.
Mobilizazioak gaur
Italian bertan Berlusconiren etorkizuna kolokan dago. Atzo bi diputatuk utzi zuten haren alderdia, eta gero eta zailtasun gehiago ditu gehiengo osoa lortzeko eta erreformak onartzeko. Oposizioko alderdi nagusiak, Alderdi Demokratak, manifestazio bat antolatu du gaur Berlusconiri dimisioa eman dezala eskatzeko eta «herrialdea berreraikitzen hasteko». IDV alderdiak eta sindikatu nagusiak (CGIL) bat egin dute.
Oposizioak bakarrik ez. Giulio Tremonti Finantza ministroak Berlusconiri aurre egin dio. Italiaren arazoa bera dela esan zion asteazkenean, Financial Times-en arabera: «Merkatuan hondamendia gertatuko da astelehenean karguan jarraitzen baduzu. Europarentzat eta merkatuarentzat zu zara arazoa».
Berlusconik atzo erantzun zion ez duela dimisioa emateko asmorik, hori «Italia saltzea» litzatekeelako eta bere parekorik ez dagoelako Italia ordezkatzeko. Ohi duen legez, Berlusconik txantxekin arindu nahi izan zuen egoeraren larria. «Italiarrak ondo daude», esan zuen Cannesen. «Jatetxeak beteta daude, hotelak ere bai jaiegunetan eta zaila da hegazkinetan lekua lortzea».
Zorraren krisia. G20koen bilera Cannesen
Italiak Europaren eta NDFren kontrolpean aritu beharko du
Finantza ministroak dimisioa emateko eskatu dio Berlusconiri, etzi merkatuak hondora ez daitezen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu