Inbertsiogileen presioak behartu zuen Silvio Berlusconi kargua uztera, eta inbertsiogileen presioagatik jarri zuten Mario Monti ekonomialaria haren lekuan. Baina, hala ere, merkatuek jarraitzen dute Italiari presio egiten, inoiz baino indar handiagoz, gainera. Atzo, sei hilabeterako 8.000 milioi euroren zor tituluen truke %6,5eko errentagarritasuna agindu behar izan zuen hango Altxorrak, azken enkantean agindutakoaren bikoitza —%3,53—; eta bi urterako 2.000 milioi euroren tituluengatik %7,8koa, aurrekoan baino lau aldiz handiagoa—%2,01—.
Bigarren mailako merkatuan irekiera nolakoa izan zen ikusita, edozer espero zitekeen, bi urterako bonuengatik %7,49ko interesa eskatzen ari baitziren inbertsiogileak, 1999tik eskatutako gehien. Ordu batzuk geroago gauza bera gertatu zen lehen mailako merkatuan ere. Presioa baretze aldera, Europako Banku Zentralak Italiaren zorra erosteari ekin ziola zabaldu zuten hainbat informazio iturrik. Baina erosketa horiek ez zuten esperotako ondoriorik izan. Itxieran, oinarrizko 500 puntuan zegoen Italiaren arrisku saria.
Espainiarentzat eta Frantziarentzat lasaiagoa izan zen eguna, haien arrisku sariak maximoetatik urrun gelditu zirelako: oinarrizko 444 puntutan Espainiarena eta oinarrizko 143 puntutan Frantziarena. Itxura denez, ondo etorri zaie Alemaniaren azken enkante penagarria.
Belgikaren arrisku sariak, aldiz, errekor berria egin zuen atzo, saioa oinarrizko 360 puntutan itxita. Hango Altxorrak %5,79ko interesa agindu behar izan zien inbertsiogileei hamar urterako zor bonuen truke, inoiz eskainitako gehien. Urtea hasi zenetik, oinarrizko 266 puntu igo da Belgikaren arrisku saria, Espainiarena baino gehiago —oinarrizko 197 puntu—.
Europako burtsek egunaren zatirik handiena zenbaki gorritan igaro zuten, baina itxi, irabaziekin itxi zuten gehienek.
Italiak lau aldiz gehiago eskaini du bi urterako zor bonuen truke
Belgikak %6ko interesarekin saldu du hamar urterako zorra, eta 360 puntura iritsi da haren arrisku saria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu